Politika -

Maiatzeko hauteskundeak

Urizar: 'Ezker abertzalearekin edo gabe, EA NaBain izango da'

Era berean, ezker abertzalea NaBain izateko Aralarren eta EAJren "betoa" gaitzetsi du Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiaren hitzetan, EA NaBain izango da datozen hauteskundeetan, "ezker abertzalearekin edo gabe"; dena den, ezker abertzalea NaBain izateko aukeraren harira, Aralarrek eta EAJk aurkeztutako "betoa" gaitzetsi du.

Urizarrek kazetariei Bilbon azaldu dienez, joan den ostiralera arte EAk ez zuen Nafarroa Bairekin akordioa sinatu, alderdiko Biltzar Nagusiak oniritzia eman arte.

Ildo horretan, EAren eta NaBairen arteko konpromisoaren inguruan sortutako "zalantza interesatuak" gaitzetsi ditu. Era berean, NaBairen eraketan EAk izandako "garrantzia" azpimarratu du.

Urizarren hitzetan, zenbait kontu gelditzen dira oraindik argitzeko; besteak beste, ezker abertzalea NaBain izango den ala ez, baina horrek zenbaitek ezarri nahi dituzten "presetatik harago" erabaki behar dela uste du EAko idazkari nagusiak.

"Ez digute presarik helaraziko; gauzak ondo egin behar direla uste dugu", esan du Urizarrek; ildo horretan, NaBairen helburua Nafarroako Gobernutik eskuina ateratzea dela esan du, eta horretarako, "ahalik eta aniztasun handiena" behar da.

"EAJren eta Aralarren betoa ez dugu ulertzen, eta ildo horretan, NaBairen helburu nagusia (eskuina Gobernutik ateratzea) zein puntutaraino betetzen duten zalantzan jartzen dugu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea