Politika -

Katalunia

'Eusteko' eskatu die Torrak kataluniarrei, eta errepublika gauzatzea agindu du

Torra eta Torrent buruan zirela, “askatasunaren aldeko martxa” egin dute gaur gauean Bartzelonan erdigunean, Diadaren bezperako ekitaldien baitan.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Torra eta Torrent buruan zirela, “askatasunaren aldeko martxa” egin dute

0:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Bidegabekeria, mehatxu, beldurra eta indarkeriaren” aurrean “eusteko” eskatu die Quim Torra Generalitateko presidenteak kataluniarrei, eta Kataluniako “errepublika gautzeko” konpromisoa hartu du.

Diadaren bezperako hitzaldian, Torrak 300 urte baino gehiago atzera egin du. 1713ko uztailean, Generalitateko jauregiaren Sant Jordi aretoak “kataluniarren historia aldatu zuen bozketa bat” hartu zuen.

“Tropa borbonikoak Bartzelonara heltzear ziren, hiria setiatzeko”, azaldu du Torrak. “Kataluniako Gorteak bildu ezin zirenean ordezkatzen zituen” batzordea deitu zuten, “Felipe V.aren aurrean otzantasunaren eta erresistentziaren artean” erabakitzeko.

Agintariaren hitzetan, 78 eta 45 botorekin, ordezkariek “eustea” erabaki zuten, Bartzelona indar borbonikoen eskuetan ez uztea eta “Europako sistema parlamentario eta konstituzional zaharrenetariko bat azkenera arte defendatzea; 1713an bost mende baitzituen dagoeneko”.

“Erabakia ez zuen inongo erregerik hartu, kataluniarren ordezkariek baizik”, azpimarratu du Torrak. Horrela, Kataluniako egungo egoerarekin paralelismoa egin du buruzagiak.

Generalitateko presidentearen hitzetan, Katalunia “bidegurutze historiko berri batean” dago hiru mende geroago; kataluniarrek “bidegabekeria, mehatxu, beldur, indarkeria, kartzela eta erbestearen aurrean, etsi edo eutsi eta aurrera jarraitu erabaki” behar dute.

“Erori garen bakoitzean berriz zutunik jarri eta martxan jartzeko gai izan garela azaldu digu historiak. Eta orain eskubide zibil, sozial eta nazionalengatik borroka demokratiko eta baketsu batean ari gara”, nabarmendu du.

 

Torra: "Erori garen bakoitzean berriz zutunik jarri eta martxan jartzeko gai izan garela azaldu digu historiak"

 

Governak “errepublika gauzatzeko” konpromisoa hartu duela gogorarazi du Torrak; “kataluniar guztien errepublika partekatu bat”.

Torra eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea buruan zirela, “askatasunaren aldeko martxa” egin dute gaur gauean Bartzelonan erdigunean, Diadaren bezperako ekitaldien baitan.

Arratsaldean, Kataluniako Parlamentuko Ohorezko Domina eman diote Rosa Sensat irakasleen elkarteari. Ekitaldian Gobernuko ordezkariak eta Parlamentuko diputatu soberanistak izan dira. 2017ko urriaren 1ean parte hartu zuten herritarren omenez egindako “Ens en sortirem” abestiarekin amaitu da ekimena.

Jarrain, Bartzelonako Alde Zaharra zeharkatu duen manifestazioa abiatu da. Lehen aldia da mobilizazio hau egiten dutela. Espero bezala, Ciudadanos, PP eta PSCko ordezkaririk ez da izan.

Milaka lagunek hartu dute parte manifestazioan. “Askatasuna”, “independentzia” eta “atzera pausorik ez” bezalako oihuak egin dituzte.

Martxa Born Centre Culturalean gelditu da. Esquadra Mossoen ohorezko guardiak senyera hagan ipini du. Aldi berean, Orfeo Catala abesbatza gazteak El cant de la senyera abestu du.

Askatasunaren aldeko martxa Sant Jaume plazara abiatu da. 22:00ak aldera musika, dantza eta proiekzio ikuskizuna izan da, “preso eta erbesteratu” independentistak gogorarazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Diada Politika Bartzelona Albisteak Pere Aragonès