Politika -

Urte politikoaren hasiera

EAJk ez du alderdien 'betorik' onartuko estatus berriari buruzko eztabaidan

Ortuzarrek Pedro Sanchezi ziurtatu dio jeltzaleen "botoak" izango dituela "legegintzaldiak iraun dezan", baina "euskal autogobernuak aurre egitearen" eta Estatutua betetzearen truke.

Zarautzen bildu dira EAJ-ko ordezkariak, Kataluniari keinu eginez

1:05

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak ohartarazi du jeltzaleek ez dutela onartuko ez ezker abertzalearen ez beste alderdien "betorik" estatus politiko berriaz eztabaidatzeko garaian, gaur egungo akordioa ez delako "dogma aldaezin bat" eta ezin delako Konstituzioaren "estutasunik" onartu.

Ortuzarrek autogobernuari buruzko lantaldea izan du hizpide EAJk Zarauzko kai-muturrean, kurtso politikoari hasiera emateko, egin duen ekitaldian.

EAJko alderdikide nagusiez gain, ekitaldian izan dira gonbidatu gisa David Bonvehi PDeCATen presidentea eta Miriam Nogueras presidenteordea.

EAJren presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariak asteartean esan zuen haritik, estatus berriaren akordioa zabaltzeko beharra azpimarratu du. "Hitz egiteko unea da, paperak eta proposamenak trukatzeko garaia da, negoziatzeko, guztiok mugitzeko", gaineratu du.

Ortuzarrek "beto gutxiago" nahi ditu "ahal den akordio zabalena" lortzeko, bere garaian Gernikako Estatutua babestu zutenak eta "orduan kanpoan geratu zirenak" barne har ditzan.

"Azken batean, ezker abertzaleak ez digu 'hartzaren besarkada' emango, eta sozialistek eta Podemosek ezin dute pentsatu haien apustua aurrera eramatea, herri honetan gutxiengoa diren heinean", ohartarazi du.

PSEk eta Podemosek EAJren proposamena "gutxietsi" besterik ez dutela egin kritikatu du; eta EH Bilduk behintzat "akordiorako oinarria" ahalbidetu duela txalotu du.

Dena den, ezker abertzaleari eskatu dio Estatuko politikan ere "bustitzeko", adibidez "gastu muga eta aurrekontuak bozkatu behar direnean".

Sanchezi botoak hitzeman dizkio

Bestalde, EAJren presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari ziurtatu dio jeltzaleen "botoak" izango dituela "legegintzaldiak irauteko", baina "euskal autogobernuak aurre egitearen" eta Estatutua betetzearen truke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Andoni Ortuzar argazkiak Pedro Sánchez argazkiak Gaurko azken orduko albistea