Politika -

Katalunia

Puigdemonten kargugabetzeak aurrez aurre jarri ditu JxCAT eta ERC Parlamentuan

Auzipetuekin dagoen edo "155aren PSC zuritu nahi duen" argitu dezala eskatu dio JxCATek ERCri. Honek gezurretan aritzea leporatu dio JxCATi, eta bi taldeen arteko konfiantza galdutzat eman du.

Kataluaniko Parlamentua. Artxiboko argazkia: EFE
Kataluaniko Parlamentua. Artxiboko argazkia: EFE
Kataluaniko Parlamentua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Prozesu independentista dela eta, ikerketapean dauden sei diputatu katalanak kargugabetzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Gaur, ebazpen horren aurrean nola jokatu behar den aztertzeko bildu dira Kataluniako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea, baina ez da akordiorik izan eta, ondorioz, asteazken eta ostegun honetarako deituta zegoen osoko bilkura bertan behera utzi dute.

JxCATek, ERCk, PSCk, Comuns taldeak eta Alderdi Popularrak bozkatu dute saioa bertan behera uztearen alde. CUPek eta Ciutadansek, ostera, kontrako botoa eman dute.

Carles Puigdemonten kargugabetzeak eragin du eztabaida nagusia eta agerian utzi ditu JxCAT eta ERCren arteko ezberdintasunak: JxCATek dio Puigdemonti tratu berezia ematea adostu duela ERCrekin, baina alderdi errepublikanoak halakorik egin izan ukatu du.

Kargugabetutako sei diputatuak talde bereko beste sei parlamentarirengandik ordezkatzea proposatu dute Kataluniako Parlamentuko abokatuek, akta mantenduz. Roger Torrentek begi onez ikusi du aukera hori eta bozketara eraman du, baina JxCATek eta Ciutadansek kontra bozkatuta, proposamenak ez du aurrera egin eta, beraz, Mahaiak bertan behar utzi du osoko bilkura.

JxCAT: "155aren PSC zuritu nahi duen argitu behar du ERCk"

Parlamentuan gertatutakoaren harian, Albert Batet, Eduard Pujol eta Gemma Geis JxCATeko diputatuek agerraldia egin dute. ERCk "diputatu auzipetuen duintasunaren alde dagoen edo 155aren PSC zuritu nahi duten" argitu behar duela azpimarratu dute.

Pujolek esan du Torrentek ez duela bi taldeen arteko akordioa bete eta "PSCrekin duten ituna lehenetsi" duela; izan ere, ERCk bezala, PSCk ere onartu du sei diputatu auzipetuak -Puigdemont barne- ordezkatzea.

"Torrenten jarrera zein den argitu behar du ERCk: edo diputatuen duintasuna babesten du edo 155aren aldeko PSC zuritu nahi du; bietako bat", erantsi du.

Batetek berretsi egin du "ahozko akordioa" zutela ERCrekin, baina salatu du honek ez diela hala jakinarazi Parlamentuko Mahaian dituen ordezkariei.

JxCATeko ordezkariek ere boto ezberdinak eman dituztela eta, Batetek esan du Torrentek egindako proposamenaren aurka zeudela  erakusteko jokatu dutela horrela.

Nolanahi ere, Batetek zehaztu du bloke soberanistaren eman den zatiketak Parlamentuko Mahaiari eragiten diola, baina ez Kataluniako Gobernuari.

JxCATek azaldu du Torrentek egindako proposamena ezin zutela onartu, Puigdemonti tratu berezia aitortzen ez zitzaiolako eta hari eserlekua kentzea alderdiarentzat "marra gorria" delako.

Alemaniako epaitegiak matxinada, sedizioa eta desordena publiko deliturik ez dagoela ebatzi ostean –diru publikoa bidegabe erabiltzea soilik leporatu diote-, Auzitegi Gorenaren kargugabetzea aplikatu behar ez dela ulertzen du JxCATek, matxinada delituei lotutako neurria baita.

JxCATen arabera, astearte arratsaldean ERCrekin ondoko akordioa egin zuten: Parlamentuko abokatuek esan bezala, preso dauden diputatuak talde bereko beste parlamentari batzuenngadik ordezkatzea, euren aktei ukorik egin gabe, baina Puigdemonten kasuan salbuespena egitea, behin-behineko espetxealdian ez dagoela aintzat hartuta.

Torrenti akordioa bete ez izana egotzi diote eta egoera horretan kontrako botoa ematea beste aukerarik izan ez dutela esan du JxCATek.

ERCk "gezurretan" aritzea leporatu dio JxCATi, eta harekiko konfiantza galdutzat eman du

Bestalde, Sergi Sabria ERCren talde parlamentarioko presidenteak gogor kritikatu du JxCAT eta "gezurretan" aritzea egotzi dio, "inolako akordiorik izan ez delako". Horrenbestez, bi taldeen arteko konfiantza amaitutzat eman du.

"Gertatu dena oso larria da. Komunikabideen aurrera gezurra esatera atera dira; izan ere, jakina badakite ez zegoela inolako akordiorik itxita ERCrekin; horregatik atzeratu zen atzo Mahaiaren bilera eta gaur goizean ere ez zegoen akordiorik", azaldu du.

"Hau guztia onartezina da. Gainera, desadostasunik handiena JxCATen baitan eman da, Mahaian dituzten ordezkariek boto ezberdinak eman dituzte eta", gogoratu du Sabriak.

ERCk ukatu egin du Puigdemonti tratu berezia emateko JxCATekin itunik egin izana, eta bi talde horiek gaurko bozketan boto ezberdina eman izana horren erakusgarri dela erantsi du.

Halaber, JxCATen jarrera kritikatu du, lehen eta bigarren mailako diputatuak nahi dituelako: "Zergatik balio du gehiago Puigdemontek Junquerasek baino?", galdetu dute.

Desadostasun honek Kataluniako Gobernuaren egonkortasuna kolokan jarri duen galdetuta, ERCk ondokoa erantzun du: "Guztion onerako, ezetz espero dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Auzitegi Gorena argazkiak Albisteak Carles Puigdemont ERC Junts per Catalunya