Politika -
Crida per la Republica
Errepublika 'gauzatzeko' batasuna aldarrikatu du Puigdemontek
“Beharrezkoak uste ditugun tresnak iraungitzea eskatuko dute garai berriek”, ohartarazi du presidentak.
Agentziak | Erredakzioa
Crida Nacional per la Republica proiektu politiko berriari hasiera eman dio astelehen honetan Carles Puigdemont presidenteak. Errepublika independentea “gauzatzeko” soberanista guztientzako egitasmoa dela azpimarratu du Puigdemontek.
Presidente ohiak, Jordi Sanchez JxCateko talde parlamentarioaren presidenteak eta Quim Torra Generalitateko presidenteak bultzatu dute proiektua. Sanchezen gutun bat irakurri dute ekitaldian. Torra ez da aurkezpenean izan, bere hegaldia eguraldi kaskarragatik bertan behera geratu delako, baina audio mezu bat bidali du.
Puigdemontek, ostera, bideokonferentzia bidez hitza hartu du ekitaldian. JxCat sortzea beharrezko egin zuten faktore batzuk “guztiz indarrean” daudela ziurtatu du presidenteak. Horregatik, soberanista guztien batasuna aldarrikatu du berriro.
Azken hilabeteetako errepaso bat egin du buruzagiak: urriaren 1eko erreferenduma, urriaren 27ko independentzia adierazpena Parlamentuan, Konstituzioko 155. artikuluaren aplikazioa eta abenduaren 21eko hauteskundeak. Puigdemonten hitzetan, hauteskundeek utzi zuten gehiengo parlamentario independentistak U-1ko agindua berretsi du.
Generalitate eta Espainiako Gobernu berri batekin, “beharrezkoak uste ditugun tresnak iraungitzea eskatuko dute garai berriek”, ohartarazi du presidenteak. Proiektu berriarekin bat egin eta izena emateko eskatu du Puigdemontek. Astelehen honetan hasi, hauteskunde guztietara aurkeztu eta errepublika independentea lortu ondoren desegiteko asmoa agertu du.
Egitasmoa alderdi edo koalizio gisa gauzatu behar den ez du zehaztu; izan ere, “gaurtik aurrera izena emango duten gizonek eta emakumeek erabakiko dute proiektuaren espiritua”. Izena emateko webgune bat martxan jarri dute.
Proiektu politikoa mundu guztiari zabalik dagoela askotan errepikatu du Puigdemontek. Agintariaren ahotan, “tradizio oso anitzetatik abiatuta”, horrek U-1ko erreferendumaren arrakasta ekarri zuelako.