Politika -
Ustelkeria Espainian
Juan Carlos I.ena amnistia fiskalaz baliatu zela esan du Corinnak
Espainiako errege ohiaren bikotekide izandakoaren hitzetan, Juan Carlos I.enak hainbat kontu ditu Suitzan, lehengusu baten eta bere abokatuaren izenean.
Erredakzioa
Juan Carlos I.ena 2012an Alderdi Popularraren Gobernuak ezarritako amnistia fiskalaz baliatu zela adierazi du Corinnak.
OK Diario atari digitalak zabaldu duenez, hala kontatu zien Espainiako errege ohiaren bikote izandakoak Villarejo polizia-buru ohiari eta Juan Villalonga Telefonicako presidenteari Londresen duen etxean izan zuten elkarrizketa batean.
Corinnak azaldu duenez, amnistia fiskalari esker, Juan Carlos I.enak hainbat kontu mantendu zituen Suitzako bankuan, eta kontu horiek haren lehengusu baten eta bere abokatuaren izenean daude, Alvaro de Orleans Borboikoa eta Dante Canonica abokatu suitzarraren izenean, hain zuzen ere.
Corinnaren esanetan, Espainiako errege ohiaren izen-mailegatzaileak izango lirateke biak, haren kontuak eta urte luzeetan pilatutako ondasunak ezkutatzeko.
Espainiako Gobernuak, ikerketa-batzordearen aurka
Bestalde, Espainiako Gobernuak esan du ez duela beharrezkotzat jotzen Diputatuen Kongresuan ikerketa-batzorde bat abian jartzea Juan Carlos I.enak ustez egindako irregulartasunak aztertzeko eta haren agerraldia eskatzeko, "aspaldiko kontuak" direlako eta egungo Espainiako erregeari, Felipe VI.ari, eragiten ez diolako.
Halaber, PSOEren Exekutiboak ez du Mariano Rajoyren agintaldian ezarritako amnistia fiskalaz baliatu zirenen zerrenda publiko egingo, 2015ean Pedro Sanchezek hala egingo zuela agindu bazuen ere.
Alberto Garzon IUko buruzagiak iragarri du Unidos Podemos taldeak Kongresuan ikerketa-batzorde bat eratzea proposatuko duela, Juan Carlos I.aren jarduerak aztertzeko. Era berean, Espainiako errege ohiaren agerraldia ere eskatuko dutela esan du.
Oraingoz, PDeCAT, Compromis eta EH Bilduko diputatuek baieztatu dute ekimen hori babestuko dutela.
Datorren astelehenean, 23:30etik aurrera, ETB2k berriro eskainiko du Frantziako Canal+ kateak 2014an egindako 'El ocaso de un Rey' dokumentala. Espainiako monarkiaren gainbeherari buruzko lana ikusgai dago jada EITB Nahieran-en.