Politika -

Katalunia

Preso independentistek aske uztea eskatuko dute, Alemaniak matxinada baztertu ondoren

“Matxinada zigor batean bukatzeko batere aukerarik ez dago”, azpimarratu du Andreu Van Den Eynde Oriol Junquerasen eta Raul Romevaren abokatuak.

Jordi Pina eta Andreu Van Den Eynde abokatuak. Argazkia: EFE
Jordi Pina eta Andreu Van Den Eynde abokatuak. Argazkia: EFE
Jordi Pina eta Andreu Van Den Eynde abokatuak. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Llarena instrukzio-epaileak aginduta, badaezpadako espetxean diren politikari soberanisten abokatuek Kataluniako buruzagi independentistak behin-behineko askatasunean uztea eskatuko dute datorren astean, Alemaniako auzitegiak Carles Puigdemont presidenta matxinadagatik Espainiaratzea baztertu ondoren. Alemaniaren ebazpenak presoen argudioak sendotzen dituela uste dute abokatuek.

Xavier Melero (Joaquim Forn), Marina Roig (Jordi Cuixart), Jordi Pina (Jordi Turull, Jordi Sanchez eta Josep Rull), Andreu Van den Eynde (Oriol Junqueras eta Raul Romeva), Mariano Berges (Dolors Bassa) eta Olga Arderiu (Carme Forcadell) abokatuek prentsaurreko bateratua eman dute ostiral honetan.

Llarena epailearen aurrean, duela ordubete hautetsien kargugabetzearen aurkako apelazio-errekurtsoa aurkeztu dutela azaldu du Jordi Pinak, eta hautetsien beste abokatuek gauza bera laster egingo dutela iragarri du, baita Puigdemonten defentsak ere.Matxinada zigor batean bukatzeko batere aukerarik ez dago”, azpimarratu du Andreu Van Den Eynde.

Datorren astean badaezpadako espetxearen aurka helegiteak aurkeztuko dituztela azaldu dute abokatuek, indar handiagoa egiteko; izan ere, sumarioa itxi dute dagoeneko: “Espetxean egotea justifikatzeko deliturik ez dute egin”, ziurtatu du Marina Roigek.

Matxinada baztertu eta diru publikoak bidegabe erabiltzea leporatuta soilik, Puigdemont Espainiaratzeko Schleswig-Holsteingo Auzitegiak hartutako erabakiak prozeduretan ondorio zuzenik ez duela onartu du Van den Eyndek, baina “gogoetara bultzatu beharko luke”.

Marina Roig: "Espetxean egotea justifikatzeko deliturik ez dute egin"

Olga Arderiuren hitzetan, Alemaniaren erabakia Fiskaltzaren “planteamenduak arintzeko aukera ona litzateke”, nahiz eta matxinada egiteko konspirazioa ere errefusatu.

Abokatuen ahotan, Gorenak Junquerasen eta Romevaren abokatuei orain emango dien erantzunak bi arazo konpontzen lagundu dezake eta "win-win" bat suposatuko luke: presoen egoera bidegabearekin bukatu eta Espainiako erakunde judizialei prestigioa itzuli, badaezpadako espetxearen erabilera zuhurrago bat eginez.

“Alemaniak zabaltzen digun ate honek gogoeta egiteko balio beharko luke, zentzuzkoena presoak etxean egotea delako”, adierazi du Pinak; izan ere, kautelazko neurria bizitza edo pertsonen osotasun fisiko ala sexuala arriskuan dagoen kasuetarako baita.

Puigdemont diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzita bakarrik Espainiaratzeko eta epaiketaren inguruan galdetuta, bost urteko zigorra eskatzen dioten buruzagi bat erruztatuen aulkian esertzea eta beste akusatuentzako 20 urte baino gehiago eskatzea “oso arazo larria” litzatekeela uste du Pinak.

Fiskaltzarekin negoziaziorik ez dagoela errepikatu dute abokatuek. Era berean, inolako akoriorik espero ez dutela ziurtatu dute. “Alemaniaren ebazpenak ez du ezer konpontzen, negoziazio biderik ez dagoelako eta delako izango”, gogorarazi du Van den Eyndek.

Van den Eynde: "Alemaniaren ebazpenak ez du ezer konpontzen, negoziazio biderik ez dagoelako eta delako izango"

Guztiek absoluzioa eskatzen dutela nabarmendu du Van den Eyndek, eta beharrezkoa bada Estrasburgoko Auzitegira joko dute, “nahiz eta hamar euroko zigor bat ezarri”.

Marina Roig abokatuak ziurtatu duenez, ez dute negoziatuko deliturik egin ez dutelako, nahiz eta matxinada konspiraziorekin arindu, prozesu independentista une oro baketsua izan zelako: “Altxamendurik egitea sekula ez zuten pentsatu”.

Bidezko epaiketa izateko aukeren inguruan galdetuta, Xavier Melerok hauxe adierazi du: “Bidezko epaiketa bat izateko aukerak daudela uste dut, bestela pizzeria bat zabaldu beharko nuke”.

Legelari gisa arrazoi teknikoa alde izanda epaiketari aurre egingo diotela uste du abokatuek, “erabateko garaipena lortzeko uste osoarekin”.

Carles Puigdemonten estrategiak Espainiako prozesuetan izan dezakeen eraginari dagokionez, presidentak euren babesa duela ziurtatu du Pinak. Alemaniako Auzitegi Konstituzionalera jotzea erabakitzen baldin badute, “ongi etorri”, deliturik gabe Espainiaratzea nahiago dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean