Politika -

Monarkia

Juan Carlos erregeak Suitzan kontu korronteak dituela adierazi du Corinnak

Corinna eta Jose Manuel Villarejo polizia Londreseko luxuzko auzo batean bildu ziren, 2015ean. Bertan xehetasunak azaldu zizkion aholkulariak komisarioari.

Corinna aholkularia eta Juan Carlos I. errege emeritua. Irudia: Agentziak
Corinna aholkularia eta Juan Carlos I. errege emeritua. Irudia: Agentziak
Corinna aholkularia eta Juan Carlos I. errege emeritua. Irudia: Agentziak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos I.a Espainiako errege emerituak atzerrian dirua eta ondarea ezkutatzeko izen-mailegatzaile gisa erabili zuela azaldu du Corinna zu Sayn-Wittgenstein Monakon bizi den aholkulariak, grabazio batzuetan. Gainera, erregeak lehengusuaren izenarekin kontu korronteak Suitzan zituela erantsi du. Grabaketak Jose Manuel Villarejo polizia-komisarioak egin zituen 2015ean.

El Español eta OK Diario egunkariek asteazken honetan jakitera eman dutenez, Corinna eta Villarejo Londreseko luxuzko auzo batean bildu ziren, 2015ean. Bertan xehetasunak azaldu zizkion aholkulariak komisarioari. Polizia badaezpadako espetxean dago orain.

El Español-ek azaldu duenez, bilera hura Juan Villalonga enpresaburuak ahalbidetu zuen, bien laguna baitzen. “Amesgaiztoa” bizitzen ari zela esan du Corinnak, erregeak Marokoko eta beste toki batzuetako ondasunak bere izenean jarri zituelako, baina berak bueltatzen baldin bazituen hirugarren baten izenean jarriz, zuritze delitu bat egingo zukeen.

“Ondasuna egitura barruan jartzen dute, salmenta kontratu moduko bat egiten dute, eta orduan guztiak perfektua ematen du. Noski, onuraduna bestea dela esan dezakete (errege emerituari erreferentzia eginez). Orduan, niri esan barik, nire izenean jarri eta gero esaten didate: ‘Honek ez du gauza itzuli nahi’. Baina bueltatzen badut, money laundering da. Dirua zuritzea”, azaldu du Corinnak, El Español-ek argitaratutako grabazio zati batean.

 

Corinna: "Money laundering da, dirua zuritzea"

 

“Gauzak bueltatzeko presio ikaragarria egiten ari zait, baina egiten baldin badut legea urratuko nuke eta kartzelan amaitu dezaket”, erantsi du aholkulariak grabazioan. Monakon ondare aitorpena egin beharrik ez dagoenez, izen-mailegatzaile gisa “birritan edo hirutan” erabili zutela gaineratu du, “presio ikaragarria egiten ari dira”. “Adibidez: dirua bidali edo gauzak eman… hori zuritzea da”, azpimarratu du Sayn-Wittgensteinek.

Elkarrizketaren beste une batean, ondasunak Alvaro Orleans de Borbon errege emerituaren lehengusuaren izenean jartzeko presio egin ziotela dio Corinnak. “Orain Dante Canonica abokatuaren bidez gauza horiek Alvaroren eskuetan uztea nahi dute. Gerran ari dira, nik delitua egin nahi ez dudalako”, ziurtatu du.

“Eurak gauza batzuk Alvaro Orleans de Borbon lehengusuaren izenean jarri dituzte, Monakon bizi delako. Horrela, ... 'that didn't come back in the amnesty' menpe ez dauden Suitzako kontu korronteak haren izenean jarri dituzte”, nabarmendu du Corinnak. Aholkulariaren hitzetan, kontu korronte horiek ez ziren argitara eman, Espainiako Gobernuak 2012 amnistia fiskala onartu ondoren.

 

"Eurak gauza batzuk Alvaro Orleans de Borbon lehengusuaren izenean jarri dituzte"

 

“Los Angelesera hegaldiak eta beste hegaldi pribatu batzuk errege emerituaren lehengusuak ordaintzen ditu”, ziurtatu duenez. “Torrejonetik ateratzen dira, kontrolik ez izateko. Zona militarretik. Baina konpainia ingelesa da. Air Partners izena du eta alokatutako hegazkinekin abiatzen dira. Alvaro ordaintzen ari da”, adierazi du. Orleans de Borbonek, ostera, informazio guztia ukatu du, El Español-ekin harremanetan jarri denean.

Bestalde, Inteligentzia Zentro Nazionalaren (CNI) mehatxuak jaso dituela azaldu du Corinnak grabazioetan. Juan Carlos I.arekin izandako urteetako harremana kontuan hartuta, dokumentazioa atzemateko bi operazio egin zituen CNIk, bat Londresen eta bestea Monakon. Monakoko Alberto printzearen segurtasun taldeek eta bertako Barne Ministerioak operazioen frogak dituztela gaineratu du aholkulariak.

El Español-ek azaldu duenez, CNIk atzemandako agiriak erakusten dizkio Villarejok enpresaburu alemaniarrari elkarrizketaren une batean: “Hori oso argi dago, inteligentzia zerbitzuak paper horiek Monakoko bulegotik kendu zizkidan 2012an. Legez kanpoko ezer ez zegoela ederki bazekiten ere”, esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Juan Carlos I.a Espainiako Felipe VI.a Espainia Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa Albisteak