Politika -

Alderdi Popularra

PPko afiliatuen % 7,6k bakarrik eman dute izena Rajoyren ordezkoa aukeratzeko

860.535 afiliatuetatik 66.384k soilik eman dute izena. Oso ehuneko txikia da. Hautagai batzuek prozesuaren araudia eta epeak aldatzea eskatu dute jada.

Pablo Casado hautagaia Logroñon. Argazkia: EFE
Pablo Casado hautagaia Logroñon. Argazkia: EFE
Pablo Casado hautagaia Logroñon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPko 860.535 afiliatuetatik 66.384k soilik eman dute izena Mariano Rajoyren ordezkoa aukeratzeko barne-hauteskundeetan parte hartu ahal izateko. Oso ehuneko txikia da (% 7,6), eta horrek hautagaien arteko eztabaida piztu du. Horrela, prozesuaren araudia eta epeak aldatzea eskatu dute hautagai batzuek.

Alderdi horrentzat egoera berria da, eta Maria Dolores de Cospedal eta Soraya Saenz de Santamaria hautagaiek azken kongresuan onartutako arauak eta epeak betetzearen alde egin dute. PPk ez du sekula buruzagi nazionala afiliatuen parte-hartze zuzenarekin aukeratu. Izena emateko epea asteartean bukatu da.

Gainerako hautagaiek, Pablo Casadok, besteak beste, parte-hartze baxuak Cospedali eta Saenz de Santamariari mesede egiten diela esan dute, lurralde organoekin lotura handia dutelako; izan ere, bat alderdiko idazkaria nagusia da eta bestea Rajoyren Gobernuko kidea izan zen.

PPk prozesuan parte hartzeko izena eman duten afiliatuen behin-behineko zerrendaren berri eman du. Bertan parte hartu nahi duten afiliatuen kopurua oso txikia da, eta ekainaren 28an argitaratuko dituzte behin betiko datuak. Lurraldeetako biltzarretan, batez beste, afiliatuen % 8,6k parte hartu zuten; oraingoan, baina, afiliatuen % 7,6k eman dute izena prozesu honetan parte hartzeko.

 

Garcia-Hernandez: "PP barregarri geratzeko zorian dago"

 

Parte-hartzearen behin-behineko datuen berri izan baino lehen, Jose Ramon Garcia-Hernandezek idatzi bat aurkeztu du Kongresuko Batzorde Antolatzailearen aurrean, kuota ordaindu duten militante guztiek, ez bakarrik izena eman dutenek, botoa eman ahal izatea eskatuz.

Hautagaiaren hitzetan, PP “barregarri geratzeko zorian” dago, botoa emateko eskubidea militante kopuru txiki horri bakarrik aitortuta. “Sufragio aktiboa mugatu” izana leporatu dio batzorde horri.

Bestalde, prozesuetan parte hartu ahal izateko, PPren estatutuen arabera, afiliatuek izena eman behar dutela gogorarazi du PPko zuzendaritzak, eta kritikatu egin ditu indarrean dauden arauak zalantzan jarri nahi dituzten hautagaiak.

Fernando Martinez-Maillo PPko koordinatzaile nagusiak adierazi du ez duela Garcia-Hernandezen eskaera ulertzen . Parte-hartze eskasa justifikatzeko, Maillok esan du militanteak ez daudela ohituta beraientzat “ezezaguna” den sistema horretara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Mariano Rajoy Espainia Albisteak