Politika -

PP-ren kongresua

Zazpi hautagai, Alderdi Popularra zuzentzeko

Tartean dira Soraya Saenz de Santamaria, Maria Dolores de Cospedal, Jose Manuel Garcia Margallo eta Pablo Casado.

Zazpi hautagaiak. eitb.eus-ek EFEren eta ETBren argazkiekin egindako muntaia.
Zazpi hautagaiak. eitb.eus-ek EFEren eta ETBren argazkiekin egindako muntaia.
Zazpi hautagaiak. eitb.eus-ek EFEren eta ETBren argazkiekin egindako muntaia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018ko ekainaren 20an bukatu da Alderdi Popularra zuzentzeko hautagaitzak aurkezteko epea. Zazpi lagunek aurkeztu dituzte hautagai izateko beharrezkoak diren bermeak eta, beraz, zazpi dira Mariano Rajoyren lekua hartzeko hautagaiak.

Datorren uztailaren 5ean, hautagai horietatik bi bozkatuenak aukeratuko dituzte eta horiek izango dira Alderdi Popularraren presidentzia lehiatuko dutenak, uztailaren 20an eta 21ean alderdi horrek egingo duen kongresuan.

Hauek dira PP zuzentzeko hautagaiak:

Soraya Saenz de Santamaria

(Soraya Saenz de Santamaria. Argazkia: EFE)

SORAYA SAENZ DE SANTAMARIA (Valladolid, 1971). Espainiako Gobernuko presidenteordea izan zen 2011 eta 2018 bitartean. Alderdi Popularreko talde parlamentarioaren bozeramailea izan zen 2008tik 2011ra Diputatuen Kongresuan. Zuzenbidean lizentziatuta, Estatuaren abokatua da.

"Umiltasunez, arduraz eta zintzotasunez" lan egingo zuela agindu du zuen bere hautagaitza iragarri zuenean. Espainiako Gobernuan Rajoyren ondokoa eta konfiantzako emakumea izan zen eta esperientzia hori baliatuko du bere alde.

 

Maria Dolores de Cospedal

(Maria Dolores de Cospedal. Argazkia: EFE)

MARIA DOLORES DE COSPEDAL (Madril, 1965). Alderdi Popularreko idazkari nagusia da 2008tik. Gaztela-Mantxako presidentea izan zen 2011-2015 legegintzaldian. Espainiako Gobernuko Defentsa ministroa izan zen 2016 eta 2018 urteen artean. Zuzenbidea lizentziatua da.

Bere hautagaitza iragarri zuenenean ondokoa adierazi zuen: "Alderdi Popularra eta Espainiako Gobernua zuzentzen duen lehen emakumezkoa izan nahi dut". Alderdiaren zuzendaritzan duen eskarmentua da bere bermerik handiena.

 

Jose Manuel Garcia Margallo

(Jose Manuel Garcia Margallo. Argazkia: EFE)

JOSE MANUEL GARCIA MARGALLO (Madril, 1944). Alderdi Popularreko diputatu izan aurretik, UCDko ordezkaria izan zen. 1994tik 2011ra europarlamentaria izan zen; eta 2011tik 2016ra, Kanpo Gaietarako ministroa Espainiako Gobernuan. Zuzenbidean lizentziatua da.

Alderdia zatitzeko arriskuan egon daitekeela ohartarazi du, batez ere alderdiko presidente berria aukeratzeko prozesua Soraya Saenz de Santamaria eta Maria Dolores de Cospedalen arteko lehia moduan planteatzen bada.

 

PABLO CASADO PP

(Pablo Casado. Argazkia: EFE)

PABLO CASADO (Palentzia, 1981). Alderdi Popularraren gazte erakundea zuzendu zuen 2003tik 2013ra. 2011az geroztik, diputatua da. PPren Komunikazio presidenteordea da.

Alderdia eraberritzeko PP "belaunaldi berri batek" zuzendu behar duela esan du eta aro berri hori zuzentzeko prest dagoela azpimarratu du.

 

Jose Ramon Garcia Hernandez

(Jose Ramon Garcia Hernandez. Argazkia: EFE)

JOSE RAMON GARCIA HERNANDEZ (Avila, 1971). Alderdi Popularraren Nazioarteko Harremanetarako idazkaria da. 2014tik diputatua ere bada. Zientzia politikoetan doktorea eta enpresa eta zientzia ekonomikoan lizentziatua da.

Alderdiak bere irudi ona berreskuratu behar duela esan du eta horrek "eraberritze prozesu sakona" eskatzen duela erantsi du.

 

 

JOSE LUIS BAYO (Valentzia, 1978). Alderdi Popularraren gazte erakundea zuzendu zuen Valentzian. Valentziako PPko zuzendaritza lehiatzekotan egon zen, baina azkenean atzera egin zuen.

"Militanteen hautagaia naiz", adierazi zuen bere hautagaitza iragartzean. Alderdia "demokratizatuko" duela agindu du.

ELIO CABANES (Valentzia, 1974). Valentziako La Font de la Figuera herriko zinegotzia da. Mariano Rajoy gogor kritikatu du, dimisioa eman ez zuelako. Pedro Sanchezek zentsura-mozioa aurkeztu aurretik Rajoyk kargua utzi behar zuela pentsatzen zuen eta hala adierazi zion.

"Alderdia oinarrietatik eraberritzeko" asmoz aurkeztu du bere hautagaitza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Mariano Rajoy Albisteak