Politika -
Kataluniako Gobernua
Kataluniako Gobernuarekin negoziatu dezala eskatu dio berriro Torrak Sanchezi
Kataluniako Gobernuak ez duela amore emango eta proiektu independentistarekin jarraituko duela iragarri du Kataluniako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Quim Torra Generalitateko presidenteak Kataluniako Gobernuarekin negoziatu dezala eskatu dio berriro Pedro Sanchezen Gobernu berriari; ildo berean, Kataluniako Gobernuak ez duela amore emango eta proiektu independentistarekin jarraituko duela iragarri du, baita 155ak eragindako "kalteak" ere "konponduko" dituela ohartarazi du.
Torrak Gobernu berriaren egitura azaltzeko agerraldia egin du asteazken honetan Kataluniako Parlamentuan; bertan, Kataluniako Gobernuari "negoziaziorako aldez aurretiko jarrera inoiz ez zaiola faltako" iragarri du.
Hala ere, Generalitateak eta independentismoak ere "ez dutela amore emango" jakinarazi du.
"Aurrera jarraituko dugu. Demokraziak ez du inoiz amore ematen, askatasun nahi biziak ez du amore emango. Ez gara errenditzera etorri, hori ez baita negoziaziorako abiapuntua", esan du Torrak.
Bestalde, Torrak preso eta atzerrian dauden politikari independentistentzako askatasuna eskatu du.