Politika -
Ekitaldia
'Orain presoak' dinamika aurkeztu dute, presoen egoerari irtenbidea emateko
Gizarte zibileko hainbat ordezkarik babestu dute Sare plataformak bultzatutako ekimena. Manifestazioa deitu dute urriaren 20rako Bilbon.
Agentziak | Erredakzioa
Gizarte zibileko hainbat ordezkarik Orain Presoak dinamika bultzatu dute, presoen gatazka konpontzeko asmoz. Bestalde, manifestazioa deitu dute urriaren 20rako Bilbon.
Sarek abiatutako Orain Presoak ekimen hori Bizkaiko hiriburuan aurkeztu dute gaur goizean. Guztira 46 pertsonak sinatu dute adierazpena eta 20 bat izan dira ekitaldian.
Besteak beste, unibertsitate arloko hainbat ordezkarik sinatu dute ekimena: Arantza Aldeazabalek, Felix Arrietak, Angel Eliasek, Ramon Zallok eta Mario Zubiagak. Horrez gain, Felix Cañada abokatuak, Joseba Azkarraga Justizia sailburu ohiak eta Maite Asensio, Martxelo Otamendi zein Xabier Euzkitze kazetariek eman diote babesa.
Honako pertsona hauek osatzen dute zerrenda: Dani Arranz Ortuellako PSE-EEko zinegotzi ohia eta Bizkaiko gobernadore zibil ohia, Jose Luis Uriz PSNko zinegotzi eta parlamentari ohia, Patxi Zabaleta Aralar alderdiko koordinatzaile ohia, Anaiz Funosas Bake Bideako bozeramailea, Paul Rios Lokarriko zuzendari ohia, Kirmen Uribe idazlea, Jose Mari Gorordo Bilboko alkate ohia, Laura Gomez Gipuzkoako Foru Aldunduko Berdintasun zuzendari ohia, Karmele Ibarra Pentsionistak plataformako bozeramailea, Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko abeslaria eta Sara Majarenas preso ohia.
Arantza Aldeazabal EHUko Botanika irakasleak aurkeztu du dinamika berria Sare plataformaren izenean. "Sufrimendu ziklo bat" itxi eta "etorkizunera begiratu" behar dela nabarmendu du, "adiskidetzea, bizikidetza eta bakea" ardatz izanik.
"Pertsona guztientzako giza eskubide ororekiko errespetuak bateratzen gaitu, eta hori oinarritzat duen etorkizuna eraikitzen hasteko giltza gizarte zibila da", adierazi du Aldeazabalek. Espainiako Gobernuaren aldaketari dagokionez, agintzen duenak agintzen duela ere, giza eskubideak beti errespetatu behar direla azpimarratu du.
Adierazpena
Ondoren irakurritako adierazpenaren arabera, "konponbiderako, bizikidetzarako eta bakerako unea" da. Izan ere, ETAren amaieraren ostean, "hainbeste sufrimendu eragin duten ziklo luzea bukatzeko aukera iritsi dela" uste dute. Azkenik, ekimenaren antolatzaileen aburuz, "elkarrekin lan eginda lortu behar da, elkarri begietara begira, elkarri entzunez, ditugun akordioei lehentasuna emanez, eta aurrerako bidea batera eginez".