Politika -

Katalunia

Kataluniako Gobernuarekin negoziatu dezala eskatu dio Torrak Sanchezi

Kataluniak bizi duen "egoera larria" konpontzeko, arriskuak har ditzala eta negoziazio-prozesu bat abiarazi dezala galdegin dio Generalitateko presidenteak Pedro Sanchezi.

Quim Torra. Artxiboko argazkia: EFE
Quim Torra. Artxiboko argazkia: EFE
Quim Torra. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Generalitateko presidenteak arriskuak har ditzala eta negoziazio-prozesu bat abiarazi dezala eskatu dio gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berriari, Kataluniak bizi duen "egoera larriari" irtenbidea emateko.

Gainera, elkarrizketa horrek "gobernutik gobernura" izan behar duela azpimarratu du.

PDeCAT alderdiaren batzar nazionalean egin ditu adierazpenok. Torra ez da alderdi horretako kidea, baina gonbidatu egin dute.

Bere hitzartzean, Torrak gogora ekarri du gaur zortzi hilabete direla 2017ko urriaren 1eko erreferenduma egin zenetik eta egun hartan Poliziak egindako oldarraldiak aipatu ditu. Orduan gertatutakoaren ardura PPko Gobernuari egotzi dio, baina "gaur Gobernu hori erori egin da eta hori ospatu beharra dago".

"Bururik gabe nahi gintuzten eta orain eurak dira bururik gabe geratu direnak; ahul ikusi nahi gintuztenak jada ez daude hemen", esan du Soraya Saenz de Santamariak abenduaren 21eko hauteskundeen ostean independentismoa buruzagirik gabe utzi zutela egin zituen adierazpenei aipu eginez.

Torrak gogor kritikatu du Alderdi Popularraren azken hileotako errepresioa, baina nabarmendu du Alderdi Sozialista "PPren konplizea" izan dela.

Horrenbestez, Kataluniako Gobernua Pedro Sanchezekin "oso zorrotza" izango dela aurreratu du, eta, ildo horretan, "urratsak" eman eta "arriskuak" har ditzala eskatu dio.

Bi gobernuen arteko elkarrizketa ahalik eta azkarren hasteko galdegin dio, "Kataluniak bizi duen egoera larria ezin daitekeelako gehiago luzatu".

Torrak azpimarratu du gatazka politikoa konpontzeko negoziazioak "gobernutik gobernura" izan behar duela.

"Eseri gaitezen eta hitz egin dezagun", esan dio Generalitateko presidenteak Sanchezi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Pedro Sánchez Albisteak Pere Aragonès