Politika -
EBB-ren bilera
EAJk jada erabakia hartu du eta Estebanek jakinaraziko du Kongresuan
Aitor Esteban Kongresuko bozeramaileak emango du EAJren erabakiaren berri, arratsaldean, Diputatuen Kongresuan egingo duen agerraldian.
Agentziak | Erredakzioa
Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) kideek dagoeneko erabakia hartu dute PSOEren zentsura-mozioaren harira. Erabakia hartu baino lehen, Pedro Sanchezek Diputatuen Kongresuan eman beharreko hitzaldia entzun dute jeltzaleek.
Aitor Esteban Kongresuko bozeramaileak emango du EAJren erabakiaren berri, arratsaldean, Diputatuen Kongresuan egingo duen agerraldian.
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak twitter bidez jakitera eman duenez, EAJk dagoeneko erabakia hartuta dauka:
Talde parlamentario bakoitzak mozioaren inguruan hartu beharreko erabakiaren zain, EAJren jarrera erabakigarria izango da. PSOEk, Podemosek eta Kataluniako alderdi independentistek mozioari babesa emanez gero, jeltzaleen bultzadak Pedro Sanchez presidente egingo luke.
Adierazpen labur batean atzo aurreratu zutenez, "mozioa aurkezteko PSOEren arrazoiak eta Pedro Sanchez hautagaiak hartzen dituen konpromisoak entzun ondoren" bere erabakiaren berri emango du Euzkadi Buru Batzarrak (EBB).
Hau da, buruzagi sozialistak mozioaren eztabaidan, Diputatuen Kongresuan, hitza hartu ondoren erabakiko du EAJk.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak eta Andoni Ortuzar EAJko presidenteak zentsura-mozioaren inguruan hitz egitea adostu zuten iragan astelehenean, iturri jeltzaleek goizean jakitera eman dutenez. Elkarrizketak asteartean hasi ziren, eta asteazken honetan jarraitu dute, eta baliteke ostegunean ere jarraitzea.
Aitor Esteban, Diputatuen Kongresuko EAJren bozeramailea. Artxiboko irudia: EFE
EAJk ez du baieztatu PPren Gobernuarekin adostutako aurrekontu-sailak eta hauteskundeetarako egutegia mahai gainean izatea. Hauteskundeak saihestea jeltzaleen argudioetako bat izan zen aurrekontuei babesa emateko, Ciudadanosek lortuko bailuke garaipena, inkesten arabera.
Bestalde, EAJk zentsura-mozioan zer egingo duen ez diola jakinarazi ziurtatu du Espainiako Gobernuak.
EAJren jarreraren inguruko zalantzak ditu PPk. Jeltzaleen erabakiaren zain, "aurrekontuak eta egonkortasuna" bakarrik eskain ditzakeela onartu du Alderdi Popularrak.
PPko iturriek gogorarazi dutenez, nahiz eta talde politiko guztiekin hitz egin, Espainiako Gobernuak EAJrekin zuzenean ditu elkarrizketak, eta litekeena da Rajoy bera Andoni Ortuzar EBBko presidentearekin harremanetan egotea.
Bestalde, El Independiente egunkariaren albiste bat gezurtatu dute Exekutiboko iturriek. Horren arabera, Mozioaren aldeko botoa emango duela jakinarazi dio dagoeneko EAJk Gobernu zentralari.