Politika -
ZENTSURA MOZIOA
Kataluniarako proiektua azaltzea eskatu dio Torrak PSOEri mozioa babestu aurretik
Autodeterminaziorako eskubideari buruz eta eskubide zibil eta politikoei buruz zer duen esateko galdetu dio Generalitateko presidenteak Pedro Sanchezi.
Agentziak | Erredakzioa
Quim Torra Generalitateko presidenteak gaur Lleidan iragarri duenez, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Kataluniarako duen proiektuaren berri jakin nahi du, PPren Gobernuaren aurka aurkeztutako zentsura-mozioa babestu ala ez erabakitzeko.
Autodeterminaziorako eskubideari buruz eta eskubide zibil eta politikoei buruz zer duen esateko galdetu dio Generalitateko presidenteak Pedro Sanchezi.
"Hori jakiten dugunean, guk erantzungo dugu. Preso politikoen askatasuna, herbesteratutakoen itzulera eta autodeterminaziorako eskubidea ez kriminalizatzea Kataluniako Gobernua sustengatzen duten oinarrizko gakoak dira", ohartarazi du Torrak.
"Frankismo garaian, katalanistek eta sozialistek elkarrekin egiten genuen borroka ideia berdinen alde. Herrien autodeterminaziorako eskubidearen alde egiten genuen lan batera. Non daude sozialista espainiarrak gaur?", galdetu du Torrak.
Zentzu horretan, Generalitateko presidentearen iritziz, "Kataluniarentzat nahi dugun askatasun bera nahi dugu Espainiarentzat, eta horrek gaur egun errepublika izena du".
Azkenik, "koloreak, adierazpenak eta lazo horiak" ez kriminalizatzea eskatu dio Torrak publikoki Angel Ros Lleidako alkateari, Rosek lazo horiek eremu publikoetatik kentzeko egindako eskariaren harira.