Politika -
Zentsura-mozioa
Bere hautagaitza 'serioa' eta 'bideragarria' den galdetuko dio EAJk Sanchezi
Andoni Ortuzarrek esan duenez, PSOEren proposamenak "Estatu eredua benetan aztertzen duen eta Euskal Agendarekin bat egiten ote duen" egiaztatuko du EAJk.
eitb.eus
EAJk Pedro Sanchezen proposamena "serioa" eta "bidegarria" den ikusiko du zentsura-mozioaren inguruko jarrera zehazteko, "Estatu eredua benetan aztertzen duen eta Euskal Agendarekin bat egiten ote duen", Andoni Ortuzar EBBko presidenteak Barakaldoko ekitaldi batean esan duenez.
"Euskadi eta herritarrak. Hori izango da PSOEk aurkeztutako zentsura-mozioa kudeatzeko orduan jarraituko dugun irizpidea", esan du Ortuzarrek.
Barakaldoko EAJren Uri Erakundearen 120. urteurreneko jaialdian esan duenez, PSOEren proposamena aztertuko du EAJk, eta "gauzak zehatz-mehatz azaltzea eskatuko" dio Pedro Sanchezi.
Sozialistek argitu beharreko kontuen artean "Estatu eredua", "Euskadi eta Kataluniako autogobernua", "Euskadiko interesak" eta "demokrazia bere onera eramateko" neurriak aipatu ditu Ortuzarrek.
"Galdera horiei guztiei emango dien erantzunaren arabera hartuko dugu guk gure azken arabera", bukatu du EBBko buruak.
Ortuzarrek EAJk Espainiako Aurrekontuei emandako babesa defendatu du, erabakia "erantzukizunez" hartu zuelako. Azaldu duenez, euskal gizarteari "ez zaio txarto iruditzen Euskadira 540 milioitik gorako inbertsioak eta jarduerak ekartzea edo Rajoyry pentsioak igotzera derrigortzea, bereziki txikienak eta alargunenak”.
Esan duenez, EAJ 155. artikuluaren aplikazioa desaktibatzen saiatu da, baina ez dute lortu "oraindik". Ortuzar itxaropentsu agertu da “laster indargabe gera dadin, Kataluniaren, Euskadiren eta Espainiako Estatuko sistema demokratikoaren onerako".
Era berean, Pablo Iglesiasen eta Arnaldo Otegiren kritikei erantzun die. Podemoseko buruari Rajoy presidentea izatearen errua leporatu dio, eta EH Bilduko liderrari EAJren "arma bakarra" hitza izan dela esan dio, "politika egiteko eta Herriarekin komunikatzeko erabili dugun erreminta bakarra".