Politika -
Zentsura-mozioa
Podemosek baldintzarik gabe babestuko du Rajoyren kontrako zentsura-mozioa
Hala ere, gobernatu nahi badu, gainerako talde politikoekin akordioak egin beharko dituela gogoartu dio Pablo Iglesiasek Pedro Sanchezi.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pablo Iglesiasek iragarri du Podemosek baldintzarik gabe babestuko duela PSOEk Mariano Rajoyren kontra aurkeztu duen zentsura-mozioa, "ustelak Espainiako Gobernutik kanporatzeko".
"Alderdi Sozialistak badauka gure baietza ustelak Estatuko aparatuetatik kaleratzeko, baina Espainiak programa sozial bat ere behar du", adierazi du Iglesiasek bere alderdiaren egoitzan egindako agerraldian.
Espainiako Gobernua aldatzeaz gain, politikak aldatu behar direla erantsi du Iglesiasek, eta hainbat ideia aipatu ditu: pentsioak bermatzea, gutxiengo soldatak igotzea, amatasun eta aitatasun baimenak parekatzea, alokairuzko etxebizitzen merkatua kontrolatzea edota lurralde antolakuntzari buruzko gaietan elkarrizketa bultzatzea.
Alabaina, Podemoseko buruzagiak azpimarratu du PSOEri dagokiola gobernu-programa alternatibo bat aurkeztea. "Gu prest gaude gure botoak PP Gobernutik kentzeko erabiltzeko, eta hortik aurrera gure ustez Espainiak zer behar duen esaten dugu", gaineratu du.
Bestalde, Iglesiasek gogoratu du PSOEk ez duela gehiengo nahikorik eta, beraz, Pedro Sanchezek talde parlamentario ezberdinekin hitz egin beharko duela esan du.
Ildo horretan, gobernatzeko bi aukera dituela adierazi du: batetik, 84 diputatu sozialisten babesa soilik izango duen Gobernua osatzea, edo bestetik, Unidos Podemos-En Comu Podem-En Marea talde parlamentarioaren babesa izango duen Gobernua eratzea.