Politika -
Diputatuen Kongresua
EAJk PPrekin bat egin du, Aurrekontuek lehen bozketa gainditzeko
Hala ere, asteazkeneko bozketan babesa oraingoz ez dute bermatu jeltzaleek; izan ere, 155. artikuluaren aplikazioarekin bukatzea eskatzen dute. “Irmo mantentzeko” eskatu dio JxCatek EAJri.
Agentziak | Erredakzioa
2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrek aurkeztutako zuzenketa partzialak gainditzeko, EAJk PPrekin bat egin du lehen bozketan, Diputatuen Kongresuan, astearte honetan. Besteak beste, Energia, Ogasuna, Sustapen eta Enplegu ministerioetako kontuak bozkatu dituzte arratsaldean.
EAJko talde parlamentarioak asteazkeneko “azken minutura arte” itxarongo du, Aurrekontuen txostena bozkatzeko jarrera erabakitzeko; baina arratsaldean PP, Ciudadanos, Coalicion Canaria, UPN, Foro Asturias eta Nueva Canariasekin bat egin du, lehen bozketan.
Horrela, 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuak lehen bozketa gainditu du Diputatuen Kongresuan, Espainiako Gobernuaren kontuak adostu zituzten indar guztiek aldeko botoa eman dutelako (PP, Ciudadanos, EAJ, UPN, Foro Asturias, Coalicion Canaria eta Nueva Canarias). Era berean, proiektuan 41 zuzenketa barneratzeko bat egin dute.
Lehen jardunaldian Ganberako gehiengo absolutuaren 176 diputatuak batu dituzte, baina EAJk asteazkeneko bozketetan babesik ez du oraingoz bermatu; izan ere, horretarako Katalunian 155. artikulua aplikatzeari uztea eskatzen dute jeltzaleek.
Bestaldean, PSOE, Unidos Podemos, Esquerra Republicana, PDeCAT, Compromis eta EH-Bilduk kontrako botoa eman dute, baina hiru baja izan dituzte (bi Unidos Podemosen eta bakarra PSOEn).
Emaitza estua ikusita, bozketetan hanka-sartzerik egiteko aukerarik ez zegoen, ezta absentziarik ere. Aurrekontu-sail bakar bat atzera botatzearekin nahikoa zen Espainiako Gobernuaren proiektu osoa hondatzeko.
Astearte honetan egindako bozketekin, proiektuaren zuzenketa guztiak ebatzi ditu Diputatuen Kongresuak, baita Energia, Turismo eta Agenda Digitala; Hazienda eta Funtzio Publiko; Defentsa eta Sustapen ministerioetarako aurrekontu-sailak ere.
Aste honetan EAJk aurrekontuak babestuko dituela aurreratzeko “ziurtasunik” edo “uste osorik” ez duela adierazi du Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak, baina Exekutiboak egindako lan parlamentarioa defendatu du, kontuak “espainiar guztientzako onak direlako”.
Bestalde, Gobernu zentralak 155. artikulua altxatzen ez baldin badu, “irmo mantentzeko” eskatu dio Gemma Geis JxCateko diputatuak EAJri prentsaurrekoan.