Politika -

Katalunia

'Adostasuna' eskaini dio Rajoyk Torrari, baina legea betearaziko duela ohartarazi dio

Quim Torraren inbestidurarekin zabaldu den agertoki politikoa aztertzeko, Mariano Rajoy Pedro Sanchezekin bilduko da astearte honetan, eta ostegunean gauza bera egingo du Albert Riverarekin.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidentea Segovian. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidentea Segovian. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidentea Segovian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Adostasuna eta akordioa” eskaini dizkio gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Quim Torra Kataluniako Generalitatearen president berriari, baina legea eta Konstituzioa une oro betearaziko dituela ohartarazi dio.

Torrari mezu hori bidali dio Rajoyk, aldi berean egoera berriaren aurrean “neurritasuna” eskatu dio Ciudadanosi. Orain “urduritasuna” alde batera utzi behar dela esan du agintariak Alfontso X.a Jakitunaren gurutze handien banaketan, Segovian (Gaztela eta Leon).

President berriari orain arte entzun dizkionak gustatu ez zaizkiola errepikatu du gobernuburuak, baina ekintzengatik epaituko duela erantsi du. Zentzu horretan, Kataluniako inbestiduraren eztabaida amaitzen denean, Espainiako Gobernuak “akordio eta adostasunaren” aldeko apustua egingo duela adierazi du Rajoyk.

“Baina horixe diodan modu berean, eta sentitzen dudalako esaten dut, legea, Espainiako Konstituzioa eta gainerako ordenamendu juridikoa beteko direla bermatzen dut. Eta ona dela iruditzen zait, adierazpenekin inor ez nahasteko”, zehaztu du buruzagiak.

Rajoy: "Legea, Espainiako Konstituzioa eta gainerako ordenamendu juridikoa beteko direla bermatzen dut"

Une erraza ez dela onartu du Rajoyk, eta horregatik neurritasuna eta lasaitasuna eskatu ditu, “urduritasuna” alde batera utziz.

“Estutasunak ez du ezertara eramaten, ez du ezer konpontzen, eta pertsonek ez dute halakorik behar egoera hain konplexu bati heltzeko orduan”, gaineratu du, Ciudadanosen jarrerari erreferentzia eginez.

Torraren inbestidurarekin zabaltzen den agertoki politikoa aztertzeko, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiarekin datozen egunetan bilduko da Rajoy.

Espainiako Gobernuko eta PSOEko iturriek baieztatu dutenez, Rajoy eta buruzagi sozialista Moncloa jauregian bilduko dira astearte honetan. Hitzordua 09:30ean dute bi agintariek.

Bestalde, Rivera gobernuburuarekin ostegunean bilduko da, ordu berean, Rajoy Bulgariatik itzultzen denean. Boiko Borisov Bulgariako homologoa bisitatuko du Espainiako presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea