Politika -
Inbestidura
Torrak 'eskubide guztien errepublika' defendatu eta autokritika eskatu du
Bigarren inbestidura saioan, JxCat-eko hautagaiak "askea, justua eta oparoa" den "nazio osoa" defendatu, eta Auzitegi Konstituzionalak baliogabetutako 16 legeak berreskuratuko dituela esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Quim Torrak, JxCat koalizioaren hautagaiak, Kataluniako "nazio osoa" defendatu du bere bigarren inbestidura saioan. Nazio hori "eskubide guztien errepublikan" garatzea eskatu du, eta "askea, justua eta oparoa" izatea eta "osatzen duten herritar guztien ongizatea bermatzea".
Kataluniako hiru hizkuntza koofizialak erabili ditu Torrak (katalana, aranera eta gaztelania) "guztiek eskubide guztiak dituzten errepublika" aldarrikatzeko.
Talde guztiei "autokritika" egitea eskatu die. Independentistei, alde batetik, "gauza batzuk ez ditugulako ondo egin", eta baita 155. artikulua babestu zuten taldeei ere, eskatu duenez, presoen behin behineko presoaldia "arbuiatzea ezinbestekoa" da eta "ideien kriminalizazioa", eta "elkarrizketaren aldeko" apustua berretsi du.
Esan duenez, autokritika ariketa horretan "lehenengoa" izatera prest dago.
Horrela, 2012 eta 2013an idatzi zituen txio polemikoak kriminalizatu ditu —"espainiarrak" mespretxuz aipatu zituen—, eta "testuingurutik kanpo" daudela, barkamena eskatu du berriz, eta nabarmendu du bere asmoa ez zela samintzea, "inondik inora". "Damutzen naiz, ez da berriz gertatuko", gehitu du.
Hautagai independentistak Parlamentuaren subiranotasuna azpimarratu du "pertsona guztiei laguntzen dien lege justuak" egiteko, eta horregatik, Auzitegi Konstituzionalak eta Espainiako Gobernuaren "zapalgailuak" baliogabetutako 16 legeak berreskuratuko dituela iragarri du.
"Parlamentuaren gehiengoaren babesarekin zuzenduko dudan gobernuak PPko Gobernuak Konstituzionalera eraman dituen eta baliogabetuta geratu diren lege guztiak bultzatuko ditu berriro; guztira, hamasei. Batzuk aho batez onartu ziren, PPren sostenguarekin, eta horrek ere ez zuen saihestu Estatuko Gobernuaren zapalgailuak baliogabe uztea", esan du Torrak.
Presidenterako hautagaiak gogoratu duenez, pobrezia energetikoaren eta aldaketa klimatikoaren kontra borrokatzeko lege "justuak", edota gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren ingurukoa, "interes orokorrekoak" ziren, eta "ez zuten herritar independentisten eta ez independentisten artean bereizten".
President ohiak eta presoen senideak, gonbidatuen tribunan
Artur Mas eta Jose Montilla presidente ohiak eta Quim Torraren familiarrak gonbidatuen zerrendan daude.
Nuria de Gisper, Ernest Benach eta Joan Rigol Parlamenteko presidente ohiak ere bertan izan dira, baita preso independentisten senideak ere.