Politika -
ETA-ren amaiera
Rajoyk terrorismoaren biktima guztiak goretsi ditu 'bereizketarik gabe'
Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, ETAren krimenak "ikertzen eta epaitzen" jarraituko dute, eta "zigorrak betetzen".
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak terrorismoaren biktima guztiak gogoratu ditu, "bereizketarik eta kategoriarik gabe", guztiei eragin dielako ETAren "indarkeriaren fanatismoak".
Rajoyk agerraldi instituzionala egin du Moncloa Jauregian, ETAren amaiera hizpide hartuta. "Ez diegu ezer zor, ezta ezer eskertu behar euren porrota onartzeagatik", adierazi du Rajoyk.
"Gaur, derrigorrezkoa da gure lehen pentsamendua ETAren biktimei zuzentzea, ez baitago justifikazioentzat eta aitzakientzat tokirik", esan du Rajoyk. "Ez dago horrenbeste min justifikatzeko ezer", gaineratu du.
Rajoyren arabera, ETAren krimenak "ikertzen eta epaitzen jarraituko dute, baita zigorrak betetzen ere". "Ez zen egon eta ez da egongo delitu eta atentatuentzat inpunitaterik", iragarri du.
Hori dela eta, "ez dute ezer lortuko ETAren desegitea iragartzeagatik", azaldu du, eta "denbora gehiegi eman du bere porrota onartu gabe", erantsi du.
"ETAk ez du bere historia kriminal luzean ezarritako helburu bat ere lortu, bat ere ez", eta "terroristek ez dute hiltzeagatik, edo hiltzen uzteagatik, abantailarik lortuko", esan du.
Terrorismoaren aurkako Ituna
Bestalde, Juan Ignacio Zoido Barne ministroak Terrorismoaren aurkako Ituneko alderdiak deituko ditu datozen egunotan ETAren amaieraren ingurukoak aztertzeko, horren esanetan.
Terrorismoaren aurkako Ituna demokraten batasunaren erakuslea dela esan du Rajoyk, eta orain "demokrazian, Justizian eta Espainian sinesten dugun guztion batasun elementua" izan behar da.
"Espainiako demokraziak ETA garaitu duela esan dezakegu", azpimarratu du.
"Ez dugu orrialdea pasatu behar"
Bestalde, Rajoyk ohartarazi duenez, "gaurkoa ez da orrialdea pasatzeko edo besoak jaisteko modukoa; ETAren eta ETAk egin zuenaren eta egiten saiatu zenaren aurkako borrokarekin jarraitu behar dugu, inor ez dadin saiatu Espainiako historiaren garai hori berridazten".
Espainiako presidentearen hitzetan, gaurkoa "poztasun" eguna da "herri gisa egindako lanagatik"; ildo horretan, terrorismoaren aurrean Espainiako gizarteak izan duen "pertseberantzia, kemena eta fede demokratikoa" goretsi ditu.
Rajoyeren esanetan, gazteenek eta haurrek "zorionez" ez dute ETA ezagutu, "orain dela asko utzi diotelako horren krimenak albiste izateari".
Hala ere, ETA 60 urtez jardun dela nabarmendu, eta "orrialdea ez pasatzeko" eskatu du Rajoyk.