Politika -

Auzitegi Nazionala

ETAko lau kide historiko gizateriaren aurkako krimenengatik epaitzea proposatu dute

Horrela, Garikoitz Aspiazu Rubina 'Txeroki', Mikel Karrera Sarobe 'Ata', Angel Iriondo Yarza 'Gurbitz' eta Jose Antonio Urrutikoetxea 'Josu Ternera' epaitzea proposatu du Lamela epaileak.

Mikel Karrera Sarobe, 'Ata', Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE
Mikel Karrera Sarobe, 'Ata', Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE
ETAko lau kide gizateriaren aurkako krimenengatik epaitzea proposatu dute

1:11

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko lau buruzagi historiko, tartean Josu Ternera, gizateriaren aurkako krimenegatik epaitzea proposatu du Carmen Lamela epaileak, 2004ko urriaren 1etik gaurdaino egindako atentatuengatik; izan ere, figura juridiko hori orduz geroztik dago indarrean Espainian.

Garikoitz Aspiazu Rubina Txeroki, Mikel Karrera Sarobe Ata, Angel Iriondo Yarza Gurbitz eta Jose Antonio Urrutikoetxea Josu Ternera dira akusatuak. 2015eko urrian auziperatu zituzten guztiak, gizateriaren aurkako delituak egotzita. Delitu horrengatik epaituak izateko aukera dago lehen aldiz.

Orain, aurreneko hiruren kontrako sumarioa ixtea erabaki du Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta Zigor Arloko Salara igorri du.

Josu Ternera-ren kasuan, aldiz, auzipetzea formalki jakinarazteko aukerarik ez dute izan, ihes eginda dagoelako. Aurkitu eta atxilotzeko zain, aurrera jarraituko du auziak, eta aretoak ez du ordura arte erabakiko, Auzitegi Nazionaleko iturriek jakitera eman dutenez.

Frantzian zigorra betetzen ari diren beste hiruren aurkako sumarioa bukatu du Auzitegi Nazionaleko magistratuak, eta Zigor Arloko Salara bidaliko du, erabaki bat har dezan.

 

Horietako hiru Frantzian daude zigorra betetzen; Josu Ternera, ostera, ihes eginda dago

 

Sumarioa amaituta, prozeduraren bitarteko fase bati hasiera eman diote. Aldeek froga berriak eskatu edo alegazioak egin ditzakete orain. Dignidad y Justiciaren salaketa batek abiatu zuen auzia 2013an.

Leporatzen zaizkien gizateriaren aurkako krimenen artean, besteak beste, hilketa edo indarrezko lekualdaketa daude, “biztanleria osoaren ala zati baten kontrako eraso orokor edo sistematiko baten parte direnean eta, edonola, biktimak arrazoi politiko, etniko edo erlijiosoengatik jazarritako kolektibo bateko kide direnean”.

Dignidad y Justiciaren hitzetan, biztanleriaren aurkako eraso hori frogaturik geratzen da ETAren agirietan, biktimek “euskal lurraldea behin betiko uzteari” uko egiten ziotelako erasoak justifikatu zituelako, eta alde egin ezean etorkizunera begira mehatxatzen zituelako.

ETAko lau buruzagiek, besteak beste, Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia, Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio T4ko langileak (su-etena bukatutzat jo zuen erasoa) eta Inaxio Uria enpresaburua hiltzeko agindua eman zutela pentsatzeko “nahikoa arrazoi” daudela ulertu zuen Juan Pablo Gonzalez instrukzio-epaileak bere ebazpenean.

Era berean, Eduardo Puelles polizia, Carlos Enrique Saenz de Tejada eta Diego Salval guardia zibilak, Luis Conde Armadako brigada eta Juan Manuel Piñel guardia zibilaren hilketak aipatu zituen epaileak.

Magistratuaren hitzetan, Txeroki bost hilketaren arduraduna izango litzateke, Ternera birena, Iriondo seirena eta Karrera Sarobe zazpirena. Aitor Elizaran Aguilar (bost hildako) ere auziperatu zuen, baina haren aurkako auzia artxibatzea erabaki zuten ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika ETA Albisteak