Politika -
Kataluniako inbestidura
PDeCATeko presidenteak Puigdemont berretsi du alderdiko hautagai gisa
Generalitateko presidenteorde ohiaren iritziz, Puigdemont izan zen 'abenduaren 21ean berriz Kataluniako presidente izendatzeko aurkeztu zena'.
Agentziak | Erredakzioa
Neus Munte PDeCATeko presidenteak Carles Puigdemont berretsi du Kataluniako Generalitateko presidente izateko alderdiaren hautagai legitimo gisa. JxCAT taldean dago PDeCAT.
Twitterren argitaratutako mezu baten bidez esan duenez, "Puigdemont izan zen abenduaren 21eko hauteskundeetara aurkeztu zena Kataluniako presidente izendatzeko. Nire konfiantza osoa du eta haren erabakiak babesten ditut".
"Ez gaitezen estutu, izan dezagun konfiantza beragan", eskatu du politikariak Puigdemonten ordezkoa aurkitu eta inbestidura saioa maiatzaren 22a baino lehen egiteko 'b planaren' inguruan sortutako eztabaidaren harira. Berriz Katalunian hauteskundeak deitu aurretik ezarritako muga da maiatzaren 22a.
Hala, Muntek bat egin du Marta Madrenasekin, Gironako alkate eta JxCATeko diputatuarekin. Madrenasek ere Twitter bidez babestu du Generalitateko presidente izateko hautagaia Carles Puigdemont izan behar dela, "edo Puigdemontek aukeratzen duena".
Generalitateko presidente izateko laugarren hautagaia aukeratzeko eztabaida hautsak harrotzen ari da JxCATen eta PDeCATen artean.
Izan ere, Miquel Buch Premià de Mar herriko alkate ohiak "ez dela PDeCATeko zuzendaritzaren aldetik ordezkatuta sentitzen" esan du. Puigdemonti Gobernua osatzea eskatzen dion aste berean, nork izan behar duen hautagai esanez mehatxatzen duelako".
Hainbat ordu lehenago, Eduard Pujol JxCATeko bozeramaile ondokoak baieztatutakoaren arabera, "erabaki bat hartu behar badugu, gogoeta baten ondorio izan behar du", eta Puigdemont ez den bestelako irtenbideak "kolektiboa" izan beharko du. Ez zuen zehaztu maiatzaren 3an eta 4an Kataluniako Parlamentuan presidentzia-legea eztabaidatzeko osoko-bilkura baino lehen hartuko duten erabakia.