Politika -

Alderdi Popularra

Cifuentesek Madrilgo PPren presidente kargua utzi du

Duela bi egun Madrilgo Erkidegoko presidente karguari uko egin zion. "Alderdiari kalte ez egiteko" erabaki du orain PPren zuzendaritza uztea.

Cristina Cifuentes, Madrilgo Erkidegoko presidente kargua utzi zuenean. Artxiboko argazkia: EFE
Cristina Cifuentes, Madrilgo Erkidegoko presidente kargua utzi zuenean. Artxiboko argazkia: EFE
Genovak kudeaketa batzorde baten esku jarriko du Madrilgo PP

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela bi egun Madrilgo Erkidegoko Gobernuko presidente izateari utzi zion eta gaur Madrilgo Alderdi Popularraren presidente kargua utzi duela jakinarazi du Cristina Cifuentesek.

Angel Garrido Madrilgo PPko idazkari nagusiak hartuko du Cifuentesen lekua, presidente berria aukeratu bitartean. Halaber, Garrido da joan den asteazkenetik Madrilgo Erkidegoko jarduneko presidentea.

Paloma Adrados Madrilgo Parlamentuko presidenteak bilera-sorta egingo du talde politiko guztiekin, datozen asteetan presidentegai bat proposatzeko.

Iruzurrik egin ez zuela behin eta berriro errepikatu arren, azkenean Juan Carlos Erregea Unibertsitateko masterraren polemikak Cristina Cifuentes aurretik eraman du.

Cifuentesek gutuna bidali dio Maria Dolores de Cospedal Alderdi Popularreko idazkari nagusiari dimisioa aurkezteko. Erabaki hori hartzea "oso mingarria" egin zaiola, baina "alderdiari kalte ez egiteko" hala egitea erabaki duela azpimarratu du Cifuentesek.

"Oso erabaki mingarria da niretzako, bizitza erdia baino gehiago eman baitut alderdi honetan, beti nire onena emanda eta, nire ustez, Madrilentzat nahiz Espainiarentzat onak diren printzipioak eta baloreak defendatuz", idatzi du.

Bi egunetan bi dimisio eman behar izan dituela deitoratu ostean, kargu horiek "madrildarren eta alderdikideen konfiantzari esker" eskuratu zituela gogoratu du.

"Tamalez, bi erabaki zail hartu behar izan ditut; batetik, Madrilgo Presidentzia arriskuan jarrita, madrildarrak ez kaltetzeko; eta bestetik, gure alderdi maiteari kalterik ez egiteko, alderdiak egonkortasuna behar duelako, Madrilen hain emaitza onak ematen ari den proiektu politikoarekin aurrera jarraitzeko", azaldu du.

Horrez gain, Mariano Rajoyk eta Alderdi Popularrak egunotan emandako "babesa eta elkartasuna" eskertu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Albisteak Madril