Politika -
Estatuko Aurrekontua 2018
EAJk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Espainiako Gobernuaren Aurrekontuari
Erabaki hori Alderdi Popularraren Gobernuari emandako "txeke zuria" ez dela eta 155. artikulua indargabetzea lortzeko "modurik egokiena" dela azpimarratu du EAJren zuzendaritzak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak 2018rako egindako Aurrekontu proposamenari osoko zuzenketarik ez aurkeztea erabaki du EAJk.
Ohar batean, EAJren zuzendaritzak nabarmendu du erabaki hau ez dela Mariano Rajoyren Gobernuaren Aurrekontua aurrera ateratzeko "txeke zuri bat".
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak azaldu du azken egunotan Kataluniako alderdi independentistekin bilerak egin dituela eta batzar horien ondotik hartu duela aipatu erabakia.
EFE agentziaren arabera, batzar horietan Andoni Ortuzar EAJren presidentea, Aitor Esteban diputatua eta Iñigo Urkullu lehendakariak hartu zuten parte.
EAJk uste du erabaki honek "Espainiako Estatuaren eta Kataluniaren arteko elkarrizketa abiarazteko eta Katalunian Gobernu legitimoa osatzeko" lagunduko duela.
EAJren iritzian, "Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ahalik eta azkarren indargabetzea ahalbidetzeko modurik onena Estatuko Aurrekontuari osoko zuzenketarik ez aurkeztea da". Ildo horretan, jeltzaleek berri egin dute 155aren kontra daudela.
Bestalde, Espainiako Gobernuak "Kataluniako krisia" kudeatzeko politikarik egin ez duela eta politika auzitegietan egiten duela kritikatu du EAJk. "Honek guztiak denok ezagutzen ditugu ondorio larriak izan ditu: Kataluniako herritarren ordezkariak espetxean edo erbestean egotea, Kataluniak Gobernurik ez izatea eta Kataluniako erakundeak Espainiako Gobernuaren kontrolpean egotea", erantsi du.
"Salbuespen egoera honen aurrean, konpromiso aktiboa geureganatzea erabaki dugu, elkar ulertzeko bideak errazteko eta egoera honi buelta emateko beharko den denbora ahalbidetzeko. Hori da aurrekontuak onartzeko izapidearen lehen urrats honetan EBBk eman duen keinuarekin bilatzen duguna. Lehen urrats honen ondoren beste bi urrats emango dira: osoko zuzenketen bozketa, datorren ostegunean, eta Diputatuen Kongresuaren Osoko Bileran Batzordearen erabakia bozkatzea, maiatzaren 22tik 24ra bitartean", azaldu du.
Izan ere, ordurako Kataluniako Gobernuko presidente berria aukeratzeko epea amaituta egongo da. Maiatza bukaerarako presidenterik ez badago, hauteskunde berriak deitu beharko dituzte Katalunian.
Gauzak horrela, osoko zuzenketarik ez aurkezteko erabakia Espainiako Gobernuari edo Alderdi Popularrari emandako "txeke zuria" ez dela argitu nahi izan du EAJk.
"Erratuta dago erabaki honetan EBBk Espainiako Gobernuari eta Alderdi Popularrari aurrekontuak onartzeko txeke zuria ematen diola ikusten duena. Euzkadi Buru Batzarrak gogoratu nahi du iaz aurrekontuen inguruan adostu eta izenpetu zen akordioak, Euskadirentzat horren onuragarria izan zenak, ez duela EAJ ezertan derrigortzen 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei begira", zehaztu du.