Politika -
ETA
ETAk maiatzeko lehen asteburuan iragarriko du desegitea
ETBk jakin duenez, aldez aurretik ekitaldi bat egingo da Ipar Euskal Herrian, eta, horretan, nazioarteko eragileak izango dira.
eitb.eus
ETAk maiatzeko lehen asteburuan iragarriko du behin betiko desegitea, ETBk jakin duenez.
Aldez aurretik, ekitaldi bat egingo da Ipar Euskal Herrian, eta, horretan, hainbat ordezkari politikok eta sozialek eta nazioarteko eragilek hartuko dute parte.
Horri buruzko zehaztasunak astelehenean jakinaraziko dituzte, Brian Currinen Nazioarteko Harreman Taldeak eta Bake Bideko eta Foro Sozialeko ordezkariek eskainiko duten prentsaurreko batean.
Horrenbestez, desarmea gauzatu eta urtebetera eta indarkeriaren amaiera iragarri eta zazpi urtera desegingo da ETA.
Horrela, bete egingo da azken asteetan Euskal Herriko aktore politikoek egindako aurreikuspenak, desegitea uda baino lehen etorriko dela errepikatu baitute behin eta berriz.
Gidoi berbera
Ipar Euskal Herriko ekitaldiarekin, ETAk bere iragarpen handien gidoi berbera jarraituko du, nazioartearen babesa bilatuko baitu.
Oraingoan ere, ETAk Brian Currinen eta Alberto Spektorowskiren Nazioarteko Harreman Taldearen abala izango du. 2011ko urrian, Aieteko Adierazpenaren diseinuan parte hartu zuen taldea da, indarkeriaren amaieraren iragarpenari bide eman ziona.
BIDEOA: Bete egin dira euskal aktore politikoen aurreikuspenak
BIDEOA: Honela eman du ETBk ETAren erabakiaren berri