Politika -
Katalunia
Auzipetze autoa jakinaraziko die gaur Llarenak Sanchez, Junqueras eta Cuixarti
Llarena epaileak eta Fiskaltzak galdeketa egingo diete akusatuei. Guztiei matxinada delitua egotzi diete, eta Junquerasi, gainera, diru publikoa bidegabe erabili izana.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako prozesu independentistarekin lotutako gertakariak ikertzen dabilen Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia eta Jordi Cuixart Omnium Cultural elkarteko burua deitu ditu gaurko, astelehena, auzipetze autoa aurrez aurre jakinarazteko. Guztiei matxinada delitua egotzi diete, eta Junquerasi, horrez gain, diru publikoa bidegabe erabili izana.
Prozesamendu Kriminalaren Legeak aurreikusitako izapidea da, eta litekeena da hainbat orduz luzatzea, izan ere, epaileak eta Fiskaltzak galdeketa egingo diete akusatuei, eta horiek haien defentsan sakontzeko hitza ere eskatu dezakete.
Auzipetze autoaren arabera, Kataluniako erreferenduma egin baino egun batzuk lehenago, Junquerasi, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari eta Joaquin Fom Barne kontseilariari ohartarazi zieten liskarrak egon zitezkeela galdeketa eginez gero.
Arriskua ezagututa ere, Llarenaren ustez, galdeketari eustea erabaki zuten hiru horiek, herritarrak erreferendumera deituta eta Esquadra Mossoen operatiboa antolatuta, galdeketa egin eta Estatuko indar poliziari aurre egiteko asmoz.
Astelehen honetan ere Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruzagi ohia deklaratzera deitu du, Teresa Laplana intendentearekin, Pere Soler Mossoen zuzendari ohiarekin eta Cesar Puig Generalitateko Barne idazkari nagusi ohiarekin batera. Guztiei jakinaraziko die Lamelak auzipetze autoa, sedizio eta antolakuntza gaizkile delituak leporatuta.
2017ko urriaren 16az geroztik daude espetxean 'Jordi'ak, eta Junqueras, berriz, 2017ko azaroaren 2az geroztik.