Politika -
Madril
Cifuentesen masterreko institutuaren zuzendaria kargugabetu du Unibertsitateak
Horrez gain, Amalia Calonge unibertsitateko funtzionarioari diziplina-espedientea ireki diote ikerketan "irregulartasun larriak" egin dituelako.
Agentziak | erredakzioa
Javier Ramos Juan Carlos Erregea Unibertsitateko (JCEU) errektoreak Enrique Alvarez Conde Zuzenbide Publikoaren Institutuko zuzendaria kargutik kentzea erabaki du. Cristina Cifuentesek Institutu horretan egin zuen masterra, ustez.
Ramosek gaur bertan eman dio erabakiaren berri JCEU Gobernu Kontseiluari eta, era berean, Amalia Calonge unibertsitateko funtzionarioari diziplina-espedientea ireki diote Cifuentesen masterra argitzeko ikerketan "irregulartasun larriak" egin dituela atzeman dutelako.
Errektoreak Gobernu Kontseiluari esan dionez, JCEUren ohar baten arabera, "Zigor Kodeko 390. artikuluak eta ondorengoek jasotako agiri publikoaren faltsutze delitua egin den zantzuen aurrean", ezkutuko informazioaren prozesua bertan behera uztea eta bildutako informazioa Fiskaltzari bidaltzea erabaki du.
Ramosek ziurtatu duenez, "gertatutakoa epai irmo batek berretsiz gero -Madrileko presidentearen masterraren titulua- baliogabetzeko prozesua hasiko da".
Halere, ezkutuko informazioaren prozesua bertan behera uzteak, dio oharrak, ez du ikerketarekin jarraitzea ekidingo, gehien bat Zuzenbide Publikoaren Institutuarekin lotuta dagoena eta, zehatz-mehatz, "Autonomia Estatuko Zuzenbide Publikoaren Masterrari dagokionean".
Halaber, unibertsitateak ikerketak abiarazi ditu unibertsitatearen beraren institutuekin eta zentroekin lotura duten jarduerak aztertzeko, "kudeaketa akademiko eta ekonomikoarekin zerikusia duten prozesuak indarrean dagoen legediaren eta etika profesionalaren arabera egiten direla egiaztatzeko".