Politika -

'De Miguel auzia'

De Migueli emandako kontratuak ez ziren normalak, Jaurlaritzako kargu ohien arabera

Fiskaltzaren esanetan, Kultura eta Gazteria Sailak emandako kontratu askotan fakturak agertzen dira, baina agindutako lana gauzatu zela frogatzeko dokumentazioa falta da.

Aitor Telleria eta Alfredo de Miguel akusatuen aulkian. Artxiboko argazkia: EFE
Aitor Telleria eta Alfredo de Miguel akusatuen aulkian. Artxiboko argazkia: EFE
Aitor Telleria eta Alfredo de Miguel akusatuen aulkian. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohiak ustez zuzentzen zuen ustelkeria sareari emandako kontratuetan informazioa falta dela eta, Eusko Jaurlaritzako bi kargu ohik hori "normala ez" dela aitortu dute epailearen aurrean.

Arabako Lurralde Auzitegian 'De Miguel auzia'ren epaiketak aurrera jarraitzen du eta gaurko saioan ondokoa aztertu dute: 2006 eta 2009 urteen bitartean, Gurutz Larrañaga Kultura eta Gazteria sailburuordeak eta Francisco Javier Sanchez Robles Gazteria zuzendariak (biak daude auzipetuta) Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria buruzagi jeltzale ohiek ustez zuzendutako sareari 380.000 eurogatik emandako kontratuak.

Fiskaltzaren arabera, Gazteria alorrean, 20 bat kontratu nahieran eman zizkieten ustelkeria sare horretako hiru enpresa pantailari –Kataia, Errexal eta Ortzi Muga- eta kasu gehienetan ez dago dokumenturik lanak burutu zirela baieztatzeko.

Gaurko saioan Maria Aranzazu Arzamendi Ondasun Kulturaleko zuzendari ohiak (2002-2009) eta Olatz Garamendi Kultura Saileko Aholkularitza Juridiko arduradun ohiak (egun Hezkuntza Zerbitzuetako eta Administrazioko sailburuordea da) deklaratu dute lekuko moduan.

Arzamendik azaldu duenez, lehiaketa publikorik deitzea beharrezkoa ez zen kasuetan, Eusko Jaurlaritzak zuen erregistro batera jotzen zuten esleitu beharreko lana ze enpresak egin zezakeen aztertzeko eta erabakia hartzerakoan konpainia horren esperientzia kontutan hartzen zuten.

Josu Izaguirre Arabako fiskalburuak Ortzi Muga enpresaren adibidea jarri du mahai gainean. Sozietate hori kontratua eskuratu baino pixka bat lehenago sortu zuten, ez zuen langilerik, inoiz ez zuen lanik egin eta bere helburu sozialak ez zuen Kulturarekin zerikusirik. Hala ere, Kultura eta Gazteria Sailaren kontratua lortu zuen.

Arzamendiri galdetu dio ea berak horrelako enpresa bat aukeratuko zukeen, eta honek zera erantzun du: "Hasiera batean, ez; guretzako garrantzitsua zen kontratatu beharreko enpresa horrek ibilbide bat izatea".

Arzamendik erantsi du kontratu guztiek dokumentazio-sorta bat izan behar dutela, tartean zuzendariak egindako txosten bat eta departamentuaren oniritzia jasotzen duen eranskina.

Fiskalak esan du aipatu kontratu guztietan eranskin hori falta dela eta soilik horietako batek duela zuzendariaren txostena. Hori bai, kontratua eman eta 20 egun beranduago egin zuen txostena zuzendariak, eta Arzamendik esan du ez dela normala.

Bestalde, eta Eusko Jaurlaritzaren abokatuaren galderak erantzunda, Garamendik "anormaltzat" jo du kontratu batzuetan faktura eta ordainketa agindua soilik agertzea eta lana gauzatu denaren dokumentazioa falta izana.

Garamendik azaldu duenez, enpresa horiekin egindako kontratuetan txosten hori falta izana "harrigarria" da, zuzendariak aurrekontua eta memoria bidali behar izaten zizkiolako sailburuordeari honek bere oniritzia eman zezan.

Lana egin bada, Administrazioak jakin beharko lukeela erantsi du. Alabaina, fiskalak berretsi egin du kasu gehienetan ezin daitekeela frogatu lanak gauzatu ziren edo ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Araba Epaiketak bideoak Ustezko ustelkeria politikoa De Miguel Auzia