Politika -
Eusko Legebiltzarra
Joaquin Gimenez: 'ETAko presoak 500 kilometrora kartzelatuta egoteak ez du zentzurik'
Auzitegi Goreneko magistratu ohia espetxetako eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uztearen alde agertu da, eta salbuespen-neurriak amaitzea eskatu du, "ETAk hiltzeari utzi diolako".
Agentziak | Erredakzioa
Joaquin Gimenez Auzitegi Goreneko magistratu ohiak esan du ez duela inolako zentzurik ETAko presoak etxetik 500-600 kilometrora espetxeratuta egoteak.
Gimenezek Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lan-taldean parte hartu du gaur eta espetxe-politika izan du hizpide. Datozen asteetan beste 14 pertsonaren testigantzak jasoko dituzte.
Auzitegi Goreneko magistratu ohiak esan du "oso garrantzitsua" dela Alderdi Popularra lan-talde horretan izatea –orain arte uko egin dio-, eta erantsi du Espainiako Justiziak aintzat hartu behar duela "ETAk hiltzeari utzi diola eta Zuzenbide Estatuak menderatu egin duela".
Gimenez espetxeetako eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uztearen alde agertu da, horrek ETAko presoak elkartzea ahalbidetuko lukeelako; izan ere, "sakabanaketak eta urrunketak ez dute inolako justifikaziorik".
"Legeak kontutan hartu behar du ETAk hiltzeari utzi diola", berretsi du. Hori dela eta, salbuespen-neurriak baliogabetzeko eskatu du, gaixotasun larriak dituzten presoak askatuz edota sakabanaketa bertan behera utzita.
"Legezko salbuespen-neurri guztiek oinarrian ETAren DNA dute; baina orain erakunde terrorista horrek ez du jarduerarik eta, beraz, legea errealitate horretatik abiatuta aplikatu beharko litzateke", azaldu du.
Horrez gain, 'Nanclares Bidea'k presoak gizarteratzeko balio duela ziur agertu da, neurri horrek bere gorabeherak izan dituela aitortu arren.