Politika -

MADRIL

Ciudadanosek Cifuentesen dimisioa eta PPk beste hautagai bat aurkeztea eskatu ditu

Alabaina, PPk erantzun dio ez dagoela inolako arrazoirik Cristina Cifuentesek Madrilgo erkidegoko presidente kargua utz dezan. PSOEk eta Podemosek zentzura-mozioa babesteko exijitu diote Ciudadanosi.

Ignacio Aguado Ciudadanosek Madrilgo Asanblean duen bozeramailea. Argazkia: EFE
Ignacio Aguado Ciudadanosek Madrilgo Asanblean duen bozeramailea. Argazkia: EFE
Ignacio Aguado Ciudadanosek Madrilgo Asanblean duen bozeramailea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ignacio Aguado Ciudadanosek Madrilgo Asanblean duen bozeramaileak Cristina Cifuentesen dimisioa eskatu du gaur goizean, hain zuzen ere, PPk Cristina Cifuentesen masterrari buruzko ikerketa batzordea osatzea baztertu ondoren. Gainera, Madrilgo erkidegoa zuzentzeko beste hautagai bat aurkeztea eskatu dio Alderdi Popularrari.

Ciudadanos alderdiak 48 orduko ultimatum bat eman zion larunbatean PPri, Cifuentesen masterrari buruzko ikerketa batzordea babestu zezan. Ultimatum hori gaur eguerdian amaitzen zen.

Horrelakorik gertatu ezean Cifuentesen dimisioa eskatuko zuela iragarri zuen alderdi laranjak. Madrilgo Asanblean gaur eskainitako prentsaurrekoan Aguadok azaldu duenez, popularrek dokumentu bat bidali die ikerketa batzordearen sorrera ez dutela babesten azaltzeko. "20 egunen ostean, PP egiaren edo gezurraren aldean zegoen ikusi nahi genuen, hots, gaiaren muinera iritsi nahi zuen ala ez", azaldu du.

Aguadoren hitzetan, PPk epez kanpo aurkeztu du testua eta ikerketa batzordea osatzearen aurka dagoela adierazi du.

Ciudadanosek PSOEren zentsura-mozioa babestuko ote duen galdetuta, Aguadok esan du espero duela "PPk zentzuz" jokatuko duela, "beste eszenatoki batzuetara iritsi aurretik".

PPk ziurtatu du Cifuentesek ez duela kargua utziko

Nolanahi ere, PPk bereari eusten dio. Enrique Ossorio Alderdi Popularrak Madrilgo Asanbladan duen bozeramaileak esan du ez dagoela inolako arrazoirik Cristina Cifuentesek dimisioa eman dezan.

"Ciudadanosek nahi duena egin dezake, PPk bezalaxe, baina arduragabekeriaz jokatzea izango litzateke PSOEren zentsura-mozioa babestea", erantsi du.

"Madrilgo erkidegoko presidenteak dimisioa emateko ez dago inolako arrazoirik; Cifuentesek hamaika aldiz azaldu du egunotan Juan Carlos Erregea Unibertsitateko masterreko titulua legezkoa dela", azpimarratu du.

Zentsura-mozioa babesteko deia egin diote Ciudadanosi

Lorena Ruiz-Huerta Podemosek Madrilgo Asanbladan duen bozeramaileak "PP erakundeetatik kanporatzeko" unea iritsi dela eta, beraz, Cifuentesen kontrako zentsura-mozioarekin bate egin dezala eskatu dio Ciudadanosi.

Ruiz-Huertak ohartarazi du konponbidea ezin daitekeela izan Cifuentesen ordez PPko beste kide bat jartzea Madrilgo erkidegoa zuzentzen.

"Agerian geratu da PPk ez duela egia ezagutzerik nahi eta badirudi Ciudadanos gaur jabetu dela horretaz. Hala ere, PPk gobernuan jarraitzea proposatu dute, eta hori ez da inoiz konponbidea izango", azpimarratu du.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak esan du ez dela nahikoa Cristina Cifuentesen dimisioa eskatzea eta Ciudadanosek harago joan behar duela erantsi du.

Ildo horretan, bere alderdiak aurkeztuko duen zentsura-mozioa babes dezala exijitu dio. "Cifuentesek dimisioa ematea eta PPk beste hautagai alternatibo bat proposatu dezala eskatzea, denak berdin jarraitzeko zerbait aldatzea baino ez da", deitoratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Alderdi Popularra Espainia Alderdi politikoak bideoak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Ciudadanos Gaurko azken orduko albistea Madril gaur