Politika -
Katalunia
Puigdemonten auzia dela eta, Llarena epailea EBko Auzitegira jotzea aztertzen ari da
Auzitegi Goreneko epaileak hiru zalantza argitu nahi omen ditu: euro-aginduak nola aplikatu behar diren, Alemaniako epaileek zuzen jokatu duten eta berak orain har ditzakeen neurriak zeintzuk diren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailea eta Estatuko Fiskaltza Europar Batasuneko Justizia Auzitegira (Luxenburgo) jotzeko aukera aztertzen ari dira, Alemaniako epaileek Carles Puigdemont bermepean aske utzi eta matxinada deliturik egotzi ezin zaiola ebatzi ostean.
Llarena epaileak galdera egin nahi dio Europar Batasuneko Auzitegiari, besteak beste, ondoko zalantzak argitzeko: euro-aginduak erregulatzen dituen Europar Batasuneko araudia nola interpretatu behar den, Alemaniako epaileek araudi hori zuzen aplikatu duten eta Alemaniako epaileen erabakiaren ondotik berak har ditzakeen neurriak zeintzuk diren.
Llarenak edo Fiskaltzak Europar Batasunera jotzen badute, Puigdemont Espainiara estraditatzeko agindua behin-behinean baliogabetuta gera daiteke, Auzitegi Goreneko iturriek azaldu dutenez. Hau da, Puigdemonten kontrako prozedura penala aldi baterako bertan behera geratzea eragin dezake horrek.
Matxinada delitua egotzita, Puigdemont atxilotzeko eta estraditatzeko agindua eman zuen Llarena epaileak. Alabaina, atzo, Alemaniako epai-mahai batek Generalitateko presidente kargugabetua aske uztea erabaki zuen, matxinada deliturik leporatu ezin zaiola ondorioztatuta.