Politika -
Madril
Cifuentes: 'Masterra benetakoa eta legezkoa da'
POSEk iragarri du Madrilgo erkidegoko presidentearen kontrako zentsura-mozioa aurkeztuko duela, "honek egia guztia kontatu ez duelako".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristina Cifuentes Madrilgo erkidegoko presidenteak azalpenak eman behar izan ditu gaur Juan Carlos Erregea Unibertsitatean eskuratu zuen masterraren harira sortu den polemikagatik.
Oposizioko taldeek eskatuta, Cifuentesek agerraldia egin du arratsalde honetan Madrilgo Asanbladan.
Cifuentesen esanetan, masterra "benetakoa eta legezkoa" da. "Nire curriculuma eta kalifikazioak benetakoak dira, ez ditu inork faltsutu", azpimarratu du.
Gauzak horrela, titulua legez kanpo eskuratu zutela zabaldu zuten kazetarien aurka kereila bana aurkeztuko duela jakinarazi du.
Gaur egindako ez-ohiko osoko bilkura "irregularra" dela eta “araudia urratzen” duela kritikatu du, "autonomia bateko presidente batek ez duelako bere eskumenari lotuta ez dauden gaiei buruzko azalpenik eman behar".
"Saio hau egiteko Parlamentuko araudia urratu dute", salatu du. Nolanahi ere, "azalpen guztiak emateko eta nire ohore politikoa, pertsonala eta profesionala defendatzeko etorri naiz hona", erantsi du.
Era berean, dimisioa emateko aukera "inoiz" aztertu ez duela adierazi du, "horretarako arrazoirik ez dagoelako".
Agerraldian, masterreko errektoreordetzak emandako "ziurtagiri ofizial" bat erakutsi du. Cifuentesek esan du matrikulagatik 1.586,39 euro ordaindu zituela eta master amaierako lanean 7,5 puntuko nota jarri ziotela.
Titulua 2014ko urriaren 23ean eman ziotela eta bidalketaren ordainketa (176,27 euro) urte horretako azaroaren 4ean egin zuela erantsi du.
Bi ikasgaitako kalifikazioetan aurkeztu ez zela jartzen duela eta, Cifuentesek esan du "transkripzioan egindako akatsa" izan zela eta titulua bidaltzeko tasak ordaintzerakoan jabetu zela horretaz.
Nolanahi ere, Cifuentesek aitortu du ez duela masterreko lana eskura, baina aurkituz gero, publikoki erakutsiko duela agindu du.
Ildo horretan, gaineratu du Unibertsitateari baimena eman diola bere lana publiko egiteko.
PSOEk zentsura-mozioa aurkeztuko du
Bestalde, Angel Gabilondo Madrilgo PSOEren bozeramaileak iragarri du Cristina Cifuentesen kontrako zentsura-mozioa aurkeztuko dutela, Madrilgo erkidegoko presidenteak "egia osoa" kontatu ez duela sinetsita daudelako.
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak ekimena babestuko duela erantsi dute.
Podemosek dagoeneko jakinarazi du zentsura-mozioa babestuko dutela eta gauza bera egin dezala eskatu dio talde moreak Ciudadanosi.