Politika -
Estatuko Aurrekontuak
Aurrekontuetarako babesa PSOEri eskatzeko esan dio EAJk Rajoyri
Atutxak ziurtatu duenez, oraindik ez dute jaso Espainiako Gobernuaren deirik, aurrekontuak negoziatzen hasteko.
AGENCIAS | REDACCIÓN
EAJk esan du Espainiako Gobernuak "beste nonbaiten" bilatu beharko dituela botoak, Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzeko, eta babes horren bila PSOErengana jotzeko esan diote jeltzaleek PPri.
Igandean ospatuko den Aberri Eguneko manifestuaren aurkezpenean esan du hori Itxaso Atutxa BBBko buruak. Katalunian 155. artikulua indarrean dagoen bitartean, EAJk ez dituela Estatuko diru-kontuak babestuko berretsi du Atutxak.
Espainiako Hauteskunde Orokorrak aurreratzeko arriskua zuzenean lotu du EAJk Mariano Rajoyren Gobernuak 2018ko Aurrekontuak aurrera ateratzeko dituen arazoekin. Horren ardura ez dela jeltzaleena azaldu du BBBko presidenteak.
Bestalde, Espainiako Gobernuak EAEko 2018ko Aurrekontuen aurka iragarri duen helegiteaz galdetuta, Atxutxak esan du horrek ez duela bi erakundeon arteko harremana "errazten", eta "mehatxu" bezala horrelakoak erabiltzea ez dela eraginkorra gaineratu du. Ziurtatu duenez, EAJk oraingoz ez du PPren deirik jaso, aurrekontuei buruz hitz egiteko.
Kataluniako auziari buruz, buruzagi jeltzaleak esan du irtenbidea elkarrizketa politikoa dela, kataluniarren etorkizunari buruzko erabakia errespetatuta.
'Gure etorkizuna, gure Aberria' lelopean, Bilbon ospatuko du Aberri Eguna EAJk, datorren igandean.