Politika -
Katalunia
Bartzelonako istiluetan atxilotutako guztiak, aske
Lau atxilotu aske utzi ditu epaileak astelehen honetan, baina 15 egunik behin epaitegietan agerraldia egin beharko dute. Beste bost atxilotuak bart askatu zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
Esquadra Mossoek igandean, Bartzelonan, gertatu ziren istiluetan atxilotutako lau lagun epailearen aurrera eraman dituzte gaur. Lau atxilotuak aske uztea erabaki du epaileak.
Kataluniako Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, Bartzelonako argibideetako 20. epaitegiak lau atxilotuak aske uztea erabaki du. Epailearen esku jarri dituzte gaur, igandeko istiluetan atxilotu eta polizia-etxera eraman ondoren. Beste bost pertsona atxiki zituzten mossoek, baina bart aske geratu ziren.
Polizia-etxetik epailearen aurrera zuzenean eraman dituzten lau atxilotu horietako biri desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako erasoa leporatzen dizkiete; beste bi manifestariei gorroto delitua eta agintaritzaren aurkako atentatua.
Lau atxilotuek 15 egunik behin agerraldia egin beharko dute epaitegietan.
Esan bezala, beste bost atxilotuak bart azken orduan aske utzi zituzten, epaileak deitzeko zain. Errepublikaren Defentsarako Batzordeek (CDR) deituta, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean elkarretaratzeak egin zituzten igandean, Carles Puigdemont president kargugabetuaren atxiloketa salatzeko.
Kataluniako Auzitegi Nagusiak zehaztu duenez, bost atxilotu horietako bik Bartzelonako 19. instrukzio-epaitegian deklaratu dute dagoeneko. Kautelazko neurririk gabe aske uztea erabaki du auzitegiak.