Politika -

Katalunia

Puigdemonten inbestidura defendatzeko saioa gaur, Kataluniako Parlamentuan

JxCatek, ERCk eta CUPek proposatutako premiazko bilkurak Carles Puigdemonten figura aldarrikatu nahi du, baita espetxean edo “erbestean” dauden diputatuen eskubide politikoak ere.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuak premiazko saioa egingo du gaur, asteazkena, 10:00etatik aurrera. Junts per Catalunyak (JxCat), ERCk eta CUPek proposatutako bilkurak Carles Puigdemonten figura aldarrikatu eta presidentea izateko duen “eskubidea” defendatu nahi du, baita espetxean edo “erbestean” dauden diputatuen “eskubide politikoak” ere.

Puigdemont igandean atxilotu zuten, eta iragan ostegunean Jordi Turull presidente izendatzeko lehen bozketak kale egin zuen.

Premiazko saioa egun osoan luzatuko da; izan ere, goizean zenbait proposamen defendatuko dituzte talde politikoek, besteak beste, bloke independentistak Puigdemonten inbestidura aldarrikatuko du, eta arratsaldean Rafael Ribo Sindic de Greugesek agerraldia egingo du, urriaren 1eko erreferendumean Poliziak egindako kargen inguruko txostena aurkezteko.

JxCat, ERC eta CUP alderdiek aste honetan premiazko osoko bilkura egitea eskatu zuten aurreko astelehenean, Carles Puigdemont presidente izendatzeko Kataluniako Parlamentuak "beharrezko neurri guztiak" har ditzan. Horretarako, alderdiok bi ebazpen-proposamen aurkeztu zituzten.

Horietan, halaber, Jordi Turullen eta Jordi Sanchezen eskubide parlamentarioak eta inbestituak izateko eskubideak bermatzeko neurriak ere eskatzen dituzte.

Bestalde, bloke independentistaren proposamenekin preso subiranista guztiak "berehala askatzea" eskatu dute.

Independentisten proposamenak blokean defendatu eta bozkatuko dituzte parlamentariek

Talde independentistek eskatuta, proposamen horiek blokean defendatu eta bozkatuko dituzte parlamentariek. Oposizioak aurkez ditzakeen gainerako ekimenak, ostera, banan-banan bozkatuko dira.

Legea betetzearen eta elkarrizketaren aldeko ebazpen bat defendatuko du PSCk. Era berean, Comuk elkarrizketa aldarrikatuko du, baina baita espetxeratutako diputatuen “kartzelaldi prebentiboa salatu” ere. PPk, aldiz, ez du proposamenik aurkeztu.

Bestalde, Roger Torrent Parlamenteko presidentearen dimisioa eskatuko du Ciudadanosek, independentisten alde “alderdikeriaz” jokatzen ari delako.

Puigdemont, kartzelatik

Carles Puigdemont presidenteak subiranismoaren batasunerako deia egin du asteartean, eta ohartarazi duenez:  "Ez du etsiko. Zailtasunak gorabehera, ez dut amore emango nire ideien defentsan".

Instagramen duen kontuan esan du, Europa Pressen arabera. "Hemendik subiranismoa bat eginda egoteko deia egiten dut, borroka luzea izango da, baina ondo bukatuko da".

Puigdemont Neumünster kartzela alemaniarretik argitaratu du mezua, eta Katalunian, Europan, gutun bidez, sare sozialetan eta kalean, modu baketsuan", jasotako babesa eskertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Kataluniako erreferenduma Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès argazkiak CUP gaur