Politika -

'Marguello auzia'

Bengoa: 'Marguelloren enpresei mesede egiteko kontratazio sistema bat ezarri zuten'

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiaren esanetan, "legez kanpoko kontratazio prozedurak antolatu ziren", Gurutzetako Ospitaleko zuzendari ohiaren mesedetan.

Rafael Bengoa, artxiboko argazki batean. EFE
Rafael Bengoa, artxiboko argazki batean. EFE
Bengoa eta Inclán osasun sailburu ohiak lekuko izan dira

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak esan du Osakidetzan kontratazio irregularrak egiten zirela Jose Carlos Marguello Gurutzetako Ospitaleko Kalitate zuzendari ohiaren enpresei mesede egiteko. Irregulartasun horiek Osasun sailburua Gabriel Inclan (EAJ) zenean jazo zirela zehaztu du.

"Enpresa horiei mesede egiteko legez kanpoko kontratazio prozedurak antolatu ziren; kontratuak luzatzen zizkieten eta kobratzen zituzten zenbatekoak % 19raino igo zituzten, gainerako enpresei aplikatutako igoeraren batez bestekoa % 3-4koa zenean", azaldu du. "Monopolio bat izango balira bezala funtzionatzen zuten", erantsi du.

'Marguello auzia'ren epaiketa joan den astean hasi zien Bizkaiko Auzitegian. Jose Carlos Marguelloz gain, Maria Nieves Fernandez (Marguelloren enpresetako izen-mailegatzailea izatea leporatzen diote) eta Gabriel Inclanekin batera Osasun Saileko bi goi-kargu: Jose Ramon Elorriaga Bizkaiko arduraduna eta Rafael Cerdan sailburuordea.

Rafael Bengoak lekuko gisa deklaratu du eta Marguellori lotutako Gestion de Servicios Sanitarios siglo XXI izeneko konpainiari "premiaz" emandako kontratuaz aritu da. Enpresa horrek Administrazio Publikoaren eta klinika pribatuen arteko bitartekari lanak egiten zituen.

Bitartekaritza hori ez zela beharrezkoa esan du, pazienteak zuzenean bideratzen zirelako klinika batera edo bestera. Areago, enpresa horren esku-hartzearen ondorioz, "prozedura moteldu" zela, "mediku-txostenak gaizki kudeatzen" zirela  eta horrek pazienteen "segurtasuna arriskuan" jarri zuela adierazi du.

"Ez zuen inolako abantailarik suposatzen, eta Osasun Sailak enpresa horri emandako dirua eta itunpeko beste klinika batzuei emandakoa berdina bazen ere, diru horren zati bat bidean galtzen zen eta hori pazientearen kalterako zen", gaineratu du.

Gaurko saioan Gabriel Inclanek ere deklaratu du lekuko gisa eta konpainia hori premiaz emandako kontratazioaren berri "gerora" izan zuela adierazi du.

Osasun sailburu ohiak esan duenez, garai hartan "ezohiko itxaro-zerrenda luzeak" zeuden Bizkaian eta, ondorioz, "logikoa" izan kontratazio hura.

Bere bizitza profesionalean zintzotasunez aritu dela azpimarratu du:  "Inoiz ez diot inori gehiago eman edo kendu, ezta nire lagunei edo etsaiei ere".

Inclanen iritzian, pazienteen segurtasuna arriskuan jarri zela esatea "gehiegizkoa" da. Ildo berean, Osakidetzaren Bizkaiko zuzendaritzak "araudia bete" zuela ziurtatu du.

Inclanek defentsaren galderak soilik erantzun ditu, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (Eusko Jaurlaritza) ez baitiote ezer itaundu.

Agenda arazoak direla eta, epaiketaren hurrengo saioa apirilaren 27an egingo dute.

Fiskaltzak 11 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Marguello, Fernandez eta Elorriagarentzat; eta 6 urte eta 5 hilabetekoa Cerdanentzat.

Prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea, Administrazio Publikoari iruzur egitea eta funtzionario publikoei galarazitako jarduerak egitea leporatzen diete.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EAJ-PNV Ustelkeria politikoa gaur PSE-EE berriak