Politika -
ALEMANIAN ATXILOTUTA
Puigdemonten defentsak eskuartean dituen aukerak, aurrera begira
Jaume Alonso Cuevillasek esan du prozedura duela hilabete batzuk Belgikan bizitakoaren antzekoa izango dela. Horregatik, abokatuak iragarri du ez dela berehala aterako eabakia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jaume Alonso Cuevillas Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen abokatuak iragarri duenez, haren kontrako euroagindua ez da berehala erabakiko: "epaile batek hartu beharko du erabakia eta beti egongo da helegitea jartzeko aukera".
Gaur goizean Puigdemont atxilotu ostean, Bartzelonako Aireportuan egin ditu adierapen horiek Bruselara abiatu aurretik. Bihar, izan ere, Bruselan lehen euroaginduarekin lan egin zuten abokatuekin bilduko da, eta egun horretan bertan Hanburgora joango da abokatu alemaniarrekin biltzera.
Cuevillasek uste du euroagindu honen prozedura lehengoan antzekoa izango dela. Lehenbizi, kautelako neurrriak erabakitzeko tramitea igaro beharko da: poliziaren zaintzapean utzi ala aske, tarteka epaitegian aurkezteko beharrarekin.
Eta ondoren, prozedura judiziala hasiko da: "epaile batek erabaki beharko du, eta hor ere helegitea jartzeko aukera izango da", beraz ebazpena ateratzeko epea luzea izan daiteke. Iturri batzuek 90 egunera arteko epeaz hitz egiten dute.
Alemaniako Legedia
Alemaniako Legedia Belgikakoa adina "lagungarri" izango ote den galdetuta, abokatuak esan du Europar Batasunean direktiba bera aplikatzen dela, "baina egia da herrialde bakoitzak gero, bere araudi prozesala duela".
Duela hilabete batzuk Belgikan egin bezala; aurrena, Alemaniako zigor-kodeak euroaginduan jasotako ekintzak delitu gisa hartzen dituen ikusi beharko da: "Matxinadaren antzeko delituak badaude Belgikan, Alemanian eta herrialde guztietan, baina aginduan aipatzen diren ekintzak tipo-penal horietan sartzen ote diren ikusi behar da" azaldu du.
Gainera, "epaiketa justu bat egoteko bermeak ba ote dauden ikusi behar da". Puigdemonten defentsak esan du Espainiako ordenamentu juridikoak "paper gainean" berme guztiak dituela, "baina ez praktikan". "Praktikan, auzi zehatz honetan ez dira berme horiek errespetatzen ari, azken epaiak ikusita" nabarmendu du.