Politika -
Katalunia
Eskoziako Poliziak haren burua entregatzeko eskatu dio Clara Ponsatiri
Poliziak adierazi duenez, hura aurkitzeko ikerketa abiatu dute, eta Ponsatiren abokatua lanean dabil kontseilari ohi "berak Poliziaren aurrean bere burua aurkeztu dezan".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Clara Ponsati Kataluniako Hezkuntza kontseilari ohiaren abokatuarekin harremanetan jarri da Eskoziako Polizia, euroaginduari erreparatuta, hura atxilotzeko asmoz, Eskoziako Poliziak Twitter bidez azaldu duenez.
Poliziak adierazi duenez, hura aurkitzeko ikerketa abiatu dute, eta Ponsatiren abokatua lanean dabil "Ponsatik berak Poliziaren aurrean bere burua aurkeztu dezan".
Belgika utziko eta Eskoziara itzuliko zela iragarri zuen Ponsatik joan den martxoaren 10ean, Saint Andrews unibertsitatean zuen lanera bueltatzeko asmoz. "Kataluniako erbestea Erresuma Batura heldu da: Europako herritarra naizen heinean, mugimendu-askatasuna daukat eta Saint Andrews unibertsitatera itzuli naiz aste honetan", jakinarazi zuen orduan Twitter bidez.
Joan den urriaren 27an Kataluniako Errepublika aldarrikatu ostean, Belgikara erbesteratu ziren Kataluniako gobernukideetako bat da Ponsati. Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioak kargurik gabe utzi zuen, eta orduz geroztik, kontseilari ohia da.
Gainerako kontseilari ohiak
Bestalde, Antoni Comin Osasun kontseilari ohiak igande honetan iragarri duenez, Comin bera, Meritxel Serret eta Lluis Puig kontseilari ohiak Belgikako Fiskaltzaren eta epaileen eskura jarriko dira astelehen honetan.
TV3ko elkarrizketa batean egin ditu Cominek adierazpen horiek, eta azpimarratu duenez, "aurreko aldian jazotakoaren berdina gertatzea espero dugu, aske utzi zigutenean gutxienezko baldintzapean".