Politika -
AURREKONTUEN NEGOZIAKETA
155a indarrean dagoela ez dituela Estatuko aurrekontuak onartuko berretsi du EAJk
Asteartean aurrekontuen proiektua onartuko Ministroen Kontseiluak, baina ezin izango dute aurrera egin EAJko bost diputatuen onespenik gabe, eta hauek ez dituztela onartuko berretsi dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PPk hilabeteak daramatza EAJri keinuak egiten 2018ko Espainiako Aurrekontu Orokorrak onartzen lagun diezaion. Asteartean Ministro Kontseiluak proiektua onartuko du baina ez da aurrera aterako bost diputatu jeltzaleek babesik ematen ez badiote. Atzo, EAJk berretsi zuen ez dituela aurrekontu horiek babestuko 155a martxan den bitartean eta buruzagi kataluniarrak preso.
EAJren babesa nahitaezkoa da Mariano Rajoyren Gobernuaren aurrekontuek Kongresuan gainditu beharreko lehen tramitea pasa dezaten: osoko emendakinen eztabaida, alegia. EAJk emendakinen kontra bozkatuko balu (iaz bezala), onartze-prozesuan aurrera egingo lukete aurrekontuek.
Talde parlamentarioak, baina, oso argi utzi du ez direla inolako negoziaketetan murgilduko Gobernuarekin, Katalunian indarrean duen 155. artikulua bertan behera uzten ez duen bitartean.
Espainiako Gobernua jakitun da babesak bermatuta izan gabe aurkeztuk dituela aurrekontuak, baina 2019ko ekainean kaleratuko den gastu-sapaiarekin bat egin ez dezaten, aurrekontuak aurkezteko "mugan" dagoelako egiten omen du orain.
2017an onartu egin zituzten aurrekontuak
EAJko iturriek jakitera eman dute iaz 2017ko aurrekontuak onartu zituztenean zegoen testuingurua "oso bestelakoa" zela, eta orduan negoziaketak Ministro Kontseiluak kontuak onartu aurretik hasi zirela. Aldiz, aurten oraindik ez direla hizketan hasi ere egin nabarmendu dute.
Iaz zazpi talde parlamentariok aurkeztutako osoko emendakinei ezezkoa ematea, negoziaketaren azken orduan "desblokeo" bat egon zelako izan zela azaldu dute, zuzenean Mariano Rajoyk parte hartu zuela, eta ez zela negoziaketa politikoa izan.
Gogoan izan behar da iaz PSOEk, Unidos Podemos-En Comu Podem-En Mareak, ERCk, PDeCATrk, Compromisek, EH Bilduk eta Nueva Canariasek jarritako emendakinen aurrean ezezkoa bozkatu zutela PPk, Ciudadanosek, EAJk, CCk, UPNk eta Foro Asturiasek, eta berdinketa eragin zuela horrek 175 bototara, aurrekontuei argi berdea emanez.
Bestalde, aurrekontuen tramitazioa erabat bermatuta du Gobernuak Ciudadanosekin. Alderdi naranjak Pilar Barreiro diputatu popularra "kentzea" eskatzen zuen (Punikagatik ikertzen ari dira) baiezkoa emateko, eta atzo Barreirok PP utzi eta Senatuko talde mistora pasatuko zela iragarri zuen "alderdiari kalterik ez egiteko".
Montoro baikorra da EAJren balizko babesarekin eta "akordioak egiten jarraitzeko aukera" izango dela esan du.
Apirilaren 3an,beraz, Kongresuko Mahaia aurrekontuak onartu eta tramitazio egutegia zehazteko bilduko da.