Politika -
Auzitegi Gorena
Llarenak Kataluniako prozesuaren 13 politikari auzipetu ditu matxinadagatik
Horrez gain, diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi die Gobernuko bederatzi kide ohiei, eta desobedientzia Parlamentuko Mahaiko kide izandakoei eta Boya eta Gabriel CUPeko diputatu ohiei.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako prozesu subiranista ikertzen ari den Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak auzipetze autoa jakinarazi die orain arte ikertuak zirenei. Matxinada delitua egotzi die 13 politikariri, tartean, Carles Puigdemont presidenteari, Oriol Junqueras presidenteorde ohiari, Jordi Turull presidentegaiari eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari.
Aipatutakoez gain, Joaquim Forn, Raul Romeva, Clara Ponsati, Josep Rull, Antoni Comin eta Dolors Bassa kargugabetutako kontseilariak ere auzipetu ditu Llarenak. Baita Carmen Forcadell Parlamentuko presidente izandakoa eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omniumeko buruzagi ohiak.
13 auzipetu horiei 17 eta 33 urte bitarteko kartzela zigorra ezar diezaiokete.
Matxinada delitua ez ezik, diru publikoa bidegabe erabiltzea ere leporatu die Llarenak Puigdemont presidenteari, Junqueras presidenteorde kargugabetuari eta zazpi kontseilari ohiei.
Guztira, 25 auzipetu
Auzipetze autoan beste delitu batzuk aipatu du Goreneko epaileak: diru publikoa bidegabe erabiltzea eta desobedientzia delituak. Auzipetuak honakoak dira: Meritxell Borras, Lluis Puig, Carles Mundo, Santi Vila eta Meritxell Serret kargugabetutako kontseilariak. Matxinada ez ezik, diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi die auzipetutako Generalitateko bederatzi kide ohiei.
Horrez gain, desobedientzia delitua leporatuta, beste auzipetu talde bat osatu du epaileak. Multzo horretan daude Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide ohiak (Lluis Maria Corominas, Lluis Guino, Anna Simo, Ramona Barruffet eta Joan Josep Nuet), eta Mireia Boya eta Anna Gabriel CUPeko diputatu izandakoak . Delitu horrek ez dakar kartzela zigorrik, bai ordea, gaitasungabetzeak.
Halaber, erantzukizun zibilagatik 2,1 milioi euroko bermea ezarri du Llarena epaileak. Kataluniako Gobernu kargugabetuko 14 kideek modu solidarioan aurkeztu beharko dute.
Llarenak auzipetze autotik kanpo utzi ditu Artur Mas presidentea, Marta Pascal PDeCATeko koordinatzailea eta Neus Lloveras Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko presidente ohia. Ikertutako 28 pertsonen artean auzipetu ez dituzten bakarrak dira.
Rovira ez da Auzitegira joan
Jordi Turull, Carme Forcadell, Raul Romeva, Josep Rull eta Dolors Bassa 10:00ak baino lehen heldu dira Gorenera, taldeka. Aurrena, Forcadell, Romeva eta Bassa, 09:45ean heldu dira auzitegira, geroago iritsi dira Turull eta Rull ere.
Forcadell, Bassa eta Rovira, Auzitegira heltzean. EFE
Eguneko ustekabea Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak eman du. Ez da Gorenera joan eta baliteke Espainiako Estatutik alde egin izana.
Hain justu, Marta Rovira bera, Carme Forcadell eta Dolors Bassa ERCko kideek Parlamentuan duten eserlekua utziko dutela iragarri dute bart. Azaldu dutenez, beren egoera pertsonalak "Kataluniako Parlamentuko egunerokoan eraginik izan ez dezan eta epaile batek Kataluniako herritarren borondate demokratikoari xantaiarik egin ez diezaion" hartu dutela kargua uzteko erabakia.