Politika -
KATALUNIA
Kataluniako prozesuan ikertutako sei kideak ostiralean auzipetuko ditu epaileak
Jordi Turull, Carme Forcadell, Raul Romeva, Josep Rull, Dolors Bassa eta Marta Rovira deitu ditu Llarenak Auzitegi Gorenera. Auzipetze autoa jakinaraziko die.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urriaren 1eko erreferenduma dela eta Auzitegi Gorenak zabaldutako auzian ikertutako sei kideak ostiralerako, 10:30ean, deitu ditu Pablo Llarena epaileak, auzipetze autoen berri emateko. Jordi Turull, Carme Forcadel, Marta Rovira, Raül Romeva, Josep Rull eta Dolors Bassa dira ikertutakoak, denak Parlamenteko diputatuak. Hain zuzen, Turull (JxCat) Generalitateko presidente izateko hautagaia izango dela berretsi eta egun batzuetara etorri da Llarenaren iragarpena.
Halaber, egun eta ordu bererako deitu dituzte auzian pertsonatutako gainerako aldeak; Fiskaltza, Vox alderdia (herri akusazioa) eta Estatuko Abokatutza. Auzipetuen behin behineko espetxeratzea eskatzeko aukera izango dute horiek, eta, beraz, espetxeratze arriskuan egon daitezke seiak.
Katalunian izandako erreferendumarekin zerikusia duen informazioa ikertu ondoren, epaileak prozesatze autoa ostiralean jakinaraziko du. Bertan, auzipetuak eta horiei leporatzen zaizkien delituak zehaztu ditu Llarenak. Dena dela, horrek ez du esan nahi instrukzio fasea ostiralean amaituko denik, epaileak prozesuaren edozein unetan kaleratu baitezake prozesatze agindua.
Parlamenteko diputatuak
Forcadell, Rovira, Turull, Romeva, Rull eta Bassa Kataluniako Parlamentuko diputatuak dira. Turull, esan bezala, Generalitako presidente izateko JxCaten eta ERCren hautagaia da, Jordi Sanchezek diputatu aktari uko egingo diola iragarri ondotik.
Prozesamendu Kriminalaren Legearen 384 bis artikuluak jasotzen duenez, prozesatze autoan espetxeratze agindua egonez gero, kargu publikoa etengo zaie auzipetuei. Beraz, Llarenak Turull espetxeratzeko aginduko balu, horrek parlamentari kargua galduko luke eta ezingo luke presidentegai izan.
Deitu dituztenei kautelazko neurri ezberdinak ezarri zizkieten instrukzio-epailearen aurrean agertu ondoren. Epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri diezaieke, baina oraingoz kargu publikoan aritzeko debekua ez dute izango; izan ere, erabakia ez da irmoa izango, aurkezten diren helegite guztiak ebatzi bitartean. Ostiralean deklaratu behar duten sei ikertuek dagoeneko Llarenaren aurrera eraman dituzte instrukzioan.
Turullek, Rullek, Romevak eta Bassak hilabete bat espetxean eman zuten iragan udazkenean, Auzitegi Nazionalak aginduta. Llarenak 100.000 euroko fidantzapean aske utzi zituen, auzia Gorenaren esku geratu zenean.
Bestalde, Carme Forcadellek gau bat eman zuen kartzelan, epaileak 150.000 euroko bermea ezarri ondoren, 2017ko azaroaren 9an. Parlamenteko presidente ohiak fidantza hurrengo goizean ordaindu zuen. Rovirari dagokionez, otsailaren 19an izan zen Gorenean, eta Llarenak aske utzi zuen 60.000 euroko bermepean.