Politika -

Katalunia

Jordi Sanchez eserlekua uzteko prest dago espetxetik ateratzeko

Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, berriz, Sanchez espetxean mantentzea eta Joaquim Forn Barne kontseilari ohia fidantzapean aske uztea eskatu du.

Forn eta Sanchez daramatzan polizia furgoia. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Forn eta Sanchez daramatzan polizia furgoia. ETB
Aske geratzeko, politika uzteko prest dago Jordi Sanchez

1:09

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta Generalitateko presidentegaiaren defentsak astearte honetan jakitera eman duenez, Sanchezek abenduaren 21ean JxCatekin lortutako eserlekuari uko egingo dio eta unibertsitateko irakaskuntzara itzuliko da.

Jordi Pina abokatuaren hitzetan, Sanchez Parlamentuko diputatu akta eta politika uzteko prest egongo litzateke. Hori da, hain zuzen, bere abokatuak Auzitegi Gorenean gaur Sanchezen askatasuna eskatzeko helegitearen berrikusketan defendatu duena bere bezeroaren askatasuna lortzeko.

Goreneko iturriek jakinarazi dutenez, Pinak esan du Sanchez ez dela inoiz politikan egon, irakaskuntzan baizik; eta, horretara itzuliko litzateke, berak nahi duen gauza bakarra askatasunean egotea baita, bere alabak besarkatzeko; eta ondorioz, politikari uko egin behar badio, egingo duela esan du.

Bestalde, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Jordi Sanchez espetxean mantentzea eta Joaquim Forn Barne kontseilari ohia fidantzapean aske uztea eskatu du.

Fiskaltzaren eta akusazio partikularra egin duen Vox alderdiaren esanetan, Sancehzek dirua bidegabe erabiltzeko, eta matxinada eta sedizioa delituak berriz egiteko arriskua dago.

Hala adierazi dute bi aldeek gaur, asteartea, Auzitegi Goreneko apelazioen aretoen egindako saioan, Francisco Montende, Alberto Jorge Barreiro eta Miguel Colmenero magistratuen aurrean. Sanchezen defentsak aske uztea eskatu du, delitua berriz egiteko arriskurik ez dagoela argudiatuta.

Ministerio Publikoaren jarrera ezberdina izan da Sanchezen kasuan eta Fornen kasuan. Hala, Barne kontseilari ohia 100.000 euro ordainduta aske utzi ahal izatea eskatu du.

Fornen kasuan, Fidel Cadena fiskalak ez du argudiorik aurkeztu magistratuen aurrean, eta esan du Julian Sanchez Melgar Estatuko fiskal nagusiaren aginduz egin dutela eskaria.

Hala, Fornen helegitea aztertzeko saioan -ordu erdi inguru iraun du- fiskalak eskaera egin du, hortaz, baliteke kontseilari ohia aske uztea erraztea, baina Voxek egindako akusazio partikularrak behin behineko espetxealdian jarraitzea eskatu du.

Buruzagi katalanak Soto del Real eta Estremerako kartzeletatik Auzitegi Nazionaleko kalabozoetara eraman dituzte goizean, saioan parte hartu ahal izateko.

Fornek auzi-saioan izateko eskubideari muzin egin zion atzo, baina izapidea ez zen garaiz heldu eta gaur berdin-berdin eraman dute Auzitegira.

Hirugarren aldia da Gorenak Fornen eta Sanchezen espetxealdia berrikusten duena. Gorenaren arabera, epaileak gaur ez du erabakirik hartuko.

Fornen helegitea aztertzeko saioa 10:20an hasi da. Ordu erdi geroago abiatu da Sanchezena.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Kataluniaren independentzia Auzitegi Gorena argazkiak Espetxeen albisteak gaur JxCat azken ordua