Politika -
Katalunia
Jordi Sanchezen inbestidura-saioa atzeratu du Torrentek
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Jordi Sanchezen defentsak astelehenean aurkeztuko duen demandari buruzko erabaki bat hartu bitartean ez da inbestidura-saiorik izango.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak atzeratu egin du datorren astelehenerako iragarrita zegoen Jordi Sanchezen inbestidura-saioa, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak haren askatasunari buruzko erabaki bat hartu bitartean.
Ohar baten bidez, Torrentek azpimarratu du bere borondatea diputatu guztien eta bereziki Jordi Sanchez (JxCAT) presidentegaiaren eskubide politikoa bermatzea dela eta, horrenbestez, saioa atzeratzea erabaki duela jakinarazi du.
Duela egun batzuk, Sanchezek kautelazko neurriak baliogabetzeko eta Kataluniako Parlamentura joateko baimena emateko eskatu zion Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari. Alabaina, honek atzera bota ditu bere eskakizunak eta kartzelatik ateratzeko baimena ukatu dio.
Epaileak idatzitako autoaren arabera, Sanchezek leporatzen zaizkion delituak errepikatzeko arriskua dago, libre utziz gero.
Gauzak horrela, Jordi Sanchezen abokatuak Estrasburgora joko du astelehenean, Auzitegi Gorenaren erabakiaren kontra.
Beraz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebazpena eman artean ez da inbestidura-saiorik izango Katalunian.