Politika -
Kataluniako Generalitatea
Hurrengo astelehenerako deitu du Torrentek Sanchezen inbestidura-saioa
Jordi Sanchezek aske uztea edo inbestidura-saioan egoteko baimena ematea eskatu die gaur goizean Auzitegi Gorenari eta Konstituzionalari.
agentziak | erredakzioa
Rogert Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Jordi Sanchezen inbestidura-saioa deitu du jada, datorren astelehenerako, 10:00etan. Sanchez Generalitateko presidente izateko hautagaia da, baina kartzelan dago.
Hala, Jordi Sanchezek (Junts per Catalunyaren bigarrena) gaur goizean bertan eskatu die saiora joateko baimena Auzitegi Gorenari eta Konstituzionalari, edo behintzat inbestidura joateko baimena ematea, berea eta bere taldearen borondatea "indarrean dagoen araudia" errespetatzea dela argudiatuta.
Defentsak auzitegietan aurkeztutako idazkietan, aske uztea edo "inbestidura-saioan egon" ahal izatea eskatu dio Pablo Llarena epaileari, bere eskubide politikoak, eta bere hautesleriarenak, bermatzeko.
Aurkeztutako idazkien arabera, Sanchezen hautagaitza bera "Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak errespetatzeko borondatearen froga argia da, nahiz eta edukiarekin ados ez egon".
Horren ildotik, Jordi Sanchezek eta gainerako kideek indarkeriaz matxinatu nahi izan balute, "argi dago ez luketela hauteskundeetara aurkeztea edo Autonomia Gobernuaren Presidentetzarako hautagaitza proposatzea erabakiko".
Lehen bozketan inbestidura onartzeko ganberaren gehiengo osoaren babesa behar du hautagaiak, hau da, gutxienez 68 diputatuk alde bozkatu beharko dute.
Gehiengo osoa erdietsiko ez balu, bigarren eztabaida egin beharko litzateke -bi egun geroago- eta horretan gehiengo sinplea beharko luke, bestera esanda, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izatea.
Catala: "Bere zereginak betetzeko moduan egon beharko litzateke"
Rafael Catala Justizia ministroak adierazi duenez, Kataluniako Generalitateko presidentegaia bere zereginak betetzeko moduan egon beharko litzateke.
CEOEk eta Ekonomisten Kontseiluak antolatutako ekitaldi batean parte hartu baino lehen, Catalak adierazi du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari dagokiola ANCren buruak egin duen eskariaren inguruan hitz egitea.
"Mesede egingo genioke Justiziari iritzirik emango ez bagenu gauzen inguruan; epailea da erabakia hartu behar duena. Lanean utzi behar zaio, independentzia osoarekin, irizpide juridikoekin eta berak beharrezkotzat jotzen duenarekin, orain arte bezala", gaineratu du ministroak.
Justizia ministroa, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE