Politika -
Kataluniako parlamentua
Puigdemonten zilegitasuna aitortuko dute, independentzia aldarrikapena berretsi gabe
JxCat, ERC eta CUP alderdiek lortutako akordioaren arabera, legealdiko lehen bilkuran urriaren 1eko erreferenduma eta Puigdemonten hautagaitza berretsiko dute; ez, ordea, independentzia aldarrikapena.
agentziak
Junts per Catalunyak (JxCat) eta CUPek akordioa lortu zuten atzo, asteazkena, Kataluniako Parlamentuak gaur bozkatuko duen ebazpena adosteko. Horren arabera, Carles Puigdemonten zilegitasuna aitortuko dute eta U-1eko erreferenduma berretsiko dute; ez, ordea, urriaren 27an onartutako independentziaren aldebakarreko adierazpena.
Osoko bilkura 10:00etan hastekoa zen, baina ordubete atzeratu da, aurretik Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea bilduta izan direlako.
Hala, JxCatek eta CUPek adostutako agiriak Estatuari esku-hartzea etetea eskatuko dute, epaitegien bidez "Kataluniako herriaren ordezkarien eta urriaren 1ean autodeterminazioari buruz egindako erreferendumean adierazitako borondate demokratikoa" isilarazi nahi dutela iritzita.
Negoziazioen berri izan duten iturriek EFEri adierazi diotenez, aurretik JxCatek Carles Puigdemont presidentegai egiteko aurkeztu zuen proposamena izan zuten abiapuntu bi alderdiek. Proposamenak ERCren oniritzia zuen, baina CUPek zuzenketa batzuk aurkeztu zituen.
CUPek hasieran aurkeztu zuen proposamenetako batek Parlamentuak "2017ko urriaren 27an bozkatu eta onartu zen independentzia aldarrikapena eta Katalunia Errepublika independente bihurtzeko aldarrikapena" berrestea eskatzen zuen, baina azkenik ez dute ebazpenean sartuko.
Parlamentuan atzo izan ziren bileretan (Elsa Artadi, Eduard Pujol, Jordi Turull eta Josep Rull, JxCaten partetik, eta Carles Riera, Vidal Aragones eta Natalia Sanchez, CUPen partetik), adostasuna eta CUPek ebazpena ez blokeatzeko konpromisoa lortu zituzten.
Estatuko zerbitzu juridikoak CUPen zuzenketak onartzeak ekar ditzakeen arau-hausteak aztertzen ari dira jada, Espainiako Gobernuak adierazi duenez.
Gaurko bilkuraren aurretik (11:00etan hastekoa zen), 09:00etan, Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea elkartu dira, Ciudadanosek, PSCek eta PPCek CUPen zuzenketak onartzeko erabakiaren aurka egindako eskaerak aztertzeko. Izan ere, 10:00etan hasi behar zuen, baina aurretik hasitako bilera hori luzatu egin da.