Politika -
Katalunia
Jordi Sanchez kartzelan mantentzea berretsi du Auzitegi Gorenak
Epaileak dio Jordi Sanchezek delituak errepikatzeko arriskua dagoela, bere ideologia soberanistari uko egin ez diolako eta Junts per Catalunyaren hautagaitzan hauteskundeetan parte hartu duelako.
Agentziak | Erredakzioa
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak atzera bota du Jordi Sanchezek aske uzteko egin duen eskaria eta, ondorioz, Junts per Catalunyako diputatu eta ANCko buruzagia behin-behinean espetxean mantentzeko erabakia berretsi du.
Kataluniako prozesu independentistaren ikerketan Sanchezen kontrako froga berriak agertu direla dio epaileak gaur ezagutarazi duen ebazpenean.
Llarenaren esanetan, ANC eta Omnium elkarteetako buruzagiak alderdi independentistetako ordezkariekin biltzen ziren eta "herritarren mobilizazioa independentzia lortzeko elementu estrategikotzat jotzen zuten".
Horrez gain, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma ahalbidetzeko herritarrak mobilizatzera deitu izana leporatzen dio Sanchezi. Areago, "Estatuko segurtasun indarrek bozketa galarazi ez zezaten herritarrei jarraibideak eman zizkieten".
Gainerako auzipetuekin alderatuta, Sanchezek delituak errepikatzeko aukera handiagoa duela uste du epaileak. Eta hori esateko bi argudio erabiltzen ditu: batetik, jarduera publikoari uko egin ez izana eta Junts per Catalunya alderdieran hautagaitzan hauteskundeetara aurkeztu izana; eta bestetik, bere ideologia soberanistari uko egin ez izana.