Politika -
Noos auzia
Gaur aztertuko du Auzitegi Gorenak Iñaki Urdangarinen espetxeratzea
Urdangarin, Diego Torres eta Jaume Matasek jarritako helegiteak daude aztergai Gorenean. Auzitegiak ebazten duenaren araberakoa izango da euren etorkizuna.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenak gaur, asteazkena, aztertuko ditu Noos auziko epaiaren kontra aldeek aurkeztutako helegiteak. Palmako Auzitegiak 2017ko otsailean eman zuen Noos auziko epaia, eta Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak, Diego Torresek, Jaume Matasek eta Iñaki Urdangarinek aurkeztu zuten errekurtsoa Gorenean.
Hala, lurralde auzitegiak ezarritako zigorrari eutsi, kondena txikitu edo handitzen duen erabaki beharko du Gorenak.
Palmako Auzitegiak zazpi pertsona zigortu zituen (18 ziren auzipetuak), baina hiruk bakarrik jaso zituzten espetxean sartzeko moduko zigorrak: Iñaki Urdangarini sei urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zion; Diego Torres bazkide izandakoari, zortzi urte eta sei hilabetekoa; eta Matas ministro ohiari, hiru urte eta zortzi hilabetekoa.
Hortaz, hirurek kartzelan sartu behar duten ebatzi beharko du Gorenak.
Fiskaltzak zigorrak handitzea eskatu zuen. Urdangarini, adibidez, zigorra lau urte handitzea galdegin zuen.
Estatuko Abokatutzak ere, Espainiako Errege Etxeko kide ohiari zigorra handitzea eskatu zuen, baina delitu fiskalengatik ezarritakoa bakarrik (10 hilabete gehiago).
Palmako Auzitegiak Cristina infanta absolbitu zuen, baina Espainiako erregearen arrebak Noosen bidez dirua irabazi zuela ebatzi zuen Auzitegiak, eta 265.000 euroko isuna ezarri zion erantzukizun zibilagatik.