Politika -
Ekimena
Gure Esku Dagok giza kate erraldoia iragarri du ekainaren 10ean
Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu 201,9 kilometroko ibilbideak, eta Euskal Herrian inoiz egin den handiena dela azaldu dute antolatzaileek.
eitb.eus
Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago plataformak giza kate erraldoia iragarri du ekainaren 10erako, Euskal Herrian inoiz egin den handiena. Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa, eta Gasteizen amaituko da, 201,9 kilometro osatuta, Eusko Legebiltzarraren atarian. 100.000 pertsona beharko dituztela azaldu dute antolatzaileek gaur goizean Donostiako Eureka Zientzia museon egindako aurkezpenean.
Aurtengo plangintzaren ildo nagusiak hezurmamitu ditu GED-k. Lehenik eta behin, datozen bost hilabeteetan erabakitzeko eskubidearen aldeko 2019 arrazoi bilduko dituzte herriz herri, datorren astetik aurrera hiriburuetan antolatutako mahai-inguruetan, Herritarren Itunaren oinarriak ezartzeko asmoz.
Ondoren, ekainaren 10ean, milaka lagun bildu nahi dituzte giza kate erraldoi batean. Mahai-inguruetan bildutako arrazoiak idatzita izango dituzten zapiak eskuz esku batuko dituzte. "Bost urtean egin, ikasi eta lortu dugun guztiaren emaitza izango da ekainaren 10a, eta herritarron erabakitzeko arrazoiak erakundeetara bideratuko ditugu", azaldu du Anjel Oiarbide GEDren bozeramaileak.
Oiarbidek azpimarratu du Gure Esku Dagoren erronka Euskal Herriko zazpi hiriburuak batzea dela eta espero dutela horretarako aukera izatea gainerako lurraldeetan ere, etorkizun hurbilean: "Gure Esku Dago Euskal Herri osoan eragiteko jaio zen eta horretan jarraituko dugu, baita Nafarroan, Nafarroa Beherean, Lapurdin eta Zuberoan ere".
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako GEDren kideen arabera, gutxienez 100.000 lagun beharko dira giza katea osatzeko eta, finantzaziorako ez ezik, antolaketarako ere, saretzearen garrantzia azpimarratu dute. Datozen egunetan jarriko da martxan izen-ematea, interneten zein herrietako taldeen eskutik. Giza kateak ez ditu Euskal Herriko herri guztiak zeharkatuko; hortaz, eskualde bakoitzak ibilbidearen puntu zehatz batzuk izango ditu.
Galdeketen ildoa
Azkenik, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban abiatutako galdeteken ildoa 2018an amaitzea espero dutela azaldu dute, ahalik eta eremu gehienetara iritsita. Donostian, esaterako, datarik zehaztu ez duten arren, udazkenean egitea aurreikusi du erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak.