Politika -

Katalunia

Espainiako Gobernuak Puigdemonten hautagaitzaren aurkako helegitea jarriko du

Hala eman du jakitera ostegun honetan Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordeak. Helegitea aurkezteak ekarriko luke hautagaitza hori bertan behera geratzea.

Saenz de Santamaria, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE.
Saenz de Santamaria, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE.
Saenz de Santamaria, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak jakitera eman duenez, Gobernu espainiarrak helegitea aurkeztuko du, Auzitegi Konstituzionalean, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak hartutako erabakiarekin, alegia, Carles Puigdemont Generalitateko presidente gisa inbestituta izateko hautagai proposatzeko erabakiarekin.

Saenz de Santamariak, prentsaurrekoan, adierazi du, halaber, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak txosten bat eskatu diola Estatuko Kontseiluari, aipatutako xedearekin.

Saenz de Santamariak agerraldia egin du Moncloan, ostegun honetan. Bitartean, Torrent erabakitzen ari da inbestidura-saioa noiz egingo duten; aukera dago urtarrilaren 30ean egiteko, hasiera batean Kataluniako Parlamentuko presidenteak aurreikusita zuenez, ala 31n, JxCAT goizean eskatu duenez (alderdi horrek bakarrik eskatu du hori).

Torrent, atzo, Puigdemontekin bildu zen, Bruselan; astelehenean proposatu zuen Generalitateko presidentea izateko hautagai. Helegitea aurkezteak, baina, bertan behera utziko luke Torrenten erabaki hori, Konstituzioaren 161.2. artikuluaz baliatuz.

Kataluniako Parlamentuan egotea "bateraezina da" Puigdemonten egungo estatus juridikoarekin; atxiloketa-agindua dago

"Torrent jaunak ez du Puigdemont jauna hautagai aurkezterik. Beste hautagai bat proposatzea du", azaldu du Espainiako presidenteordeak. Nabarmendu duenez, Puigdemonten egungo estatus juridikoa Ganberan egotearekin bateraezina da; izan ere, atxiloketa-agindua dago haren aurka, eta agindu hori Espainiako lurraldean sartu bezain laster gauzatu beharko dute.

Saenz de Santamariak gogorarazi du nola asteazkenean Torrenten eta Puigdemonten arteko bilera Bruselan egin zuten: "Hori ohiz kanpokoa da, erabat; ez dute egin batzarra horrelako bilerak egin izan dituzten lekuan, gainerako diputatuak edo bozeramaileak deitu izan dituzten leku berean, Kataluniako Parlamentuaren egoitzan", gehitu du.

Besteak beste, hori dela eta eskatu dute Estatuko Kontseiluari txosten bat; horren baiezkoa jasoz gero, "segituan aurkeztuko genuke helegite-idazkia", esan du Espainiako prsidenteordeak.

Balizko hainbat muturreko egoeraren gainean galdetzen du Espainiako Gobernuak, bidalitako kontsultan; adibidez, alde batetik, ea Ganberan ez dagoen hautagai bat inbestitu ahal duten, bera ez egonda, eta, bestetik, Espainiako lurraldetik kanpo dauden hautagaien balizko boto delegatua onartuko litzatekeen ala ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua albisteak Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès